Urrutiko intxaurrak

Ioritz Gonzalez Lertxundik abuztuko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Urrutiko intxaurrak'.

Azkenaldian askotan entzun ohi dut honako esaldia: "Amazonen merkeago daukak/n". Badirudi Interneten erosketak egiteari beldurra galdu diogula, eta sakelako telefonotik eskaintzen dizkiguten irudizko aukera ezin hobeak klik soil bat eginda etxean jasotzea abantaila ezin hobetzat dugula. OCUren (Espainiako Kontsumitzaileen Elkartea) arabera, egun Espainiako Estatuan 16 eta 72 urte arteko Interneteko erabiltzaileen %72k ohiko erosketak online egiten ditu, hau da, 22,5 milioi pertsonek.

Horrek abantaila dirudi bezeroarentzako, batik bat erosotasunari erreparatuta. Baditu bere alde ilunak, ordea. Hasteko, adituen hitzetan, "zaintza kapitalismoa". Horren oinarria erabiltzaileen datuak ezagutzea da. Esaterako, Amazonen webgunean nabigatzen dugunean, gure datuak biltzen dituzte, lehentasunak, gustuko produktuak eta abar zein diren jakiteko. Ez da zaila horretaz jabetzea, handik gutxira ohikoa baita gure gustuko produktuen iragarkiak jasotzea. Horrek esan nahi du gure perfil birtual bat dutela, guk geuk erraztutako datu eta informazioan oinarrituta. Atari horietan produktuaren azken prezioa merkeagoa izan daiteke, bai, baina gure datu pribatuen truke; ondorioz ez nuke esango merkeagoa denik, garestiagoa bai agian... Adituen arabera, infomazio horrek enpresa multinazional batzuri estatu askok duten baino botere gehiago eskaintzen die. Segur aski, gutako bakoitzaz dakiten guztiaren jabe izango bagina, asko harritu edota beldurtu egingo ginateke.

Orain dela gutxi nire arreta piztu du BBCk argitaratu duen ikerketa batek. Azterketa horren arabera, Amazon enpresak hainbat produktu berri zaborretara botatzen ditu, merkeagoa zaiolako produktu horiek botatzea bere biltegietan gordeta edukitzea baino. Adituen esanetan, enpresa horren arrakastaren oinarrietako bat beste hainbat saltzaileren produktuak biltegiratzeko eta banatzeko duten eredua omen da. Eredu horren ondorioetako bat produktua azkar mugitu beharra da, denbora tarte labur batean saltzen ez bada zabortegira botaz. Beraz, hori da egun munduan gailentzen ari den salmenta eredua, produktu berri kopuru ikaragarria zaborretarako sortuz.

Zorionez, ingurumenarekin kontzientziatuago gaudela dirudi. Aitzitik, Internetez eskatu dugun produktua ahal den prezio onenean eta etxeraino ekartzea gustatzen zaigu. Hausnartu al dugu, ordea, horrek sortzen dituen ondorioetan? Enpresa handi askok ingurunearekin duten konpromisoak azalekoa dirudi; arestian aipaturiko produktu berriekin sortzen diren zaborrenaz gain, pentsatu al dugu produktua etxeraino ekartzea erabakitzen dugunean sorrarazten den garraio kontsumoa, gastua eta CO2 isurketen kopurua zenbat igotzen den? Estekan gaiaz ikerketa interesgarria eskuratu daiteke.

Beste ondorioetako bat enpresa horietan lan egiten duten langile eta garraiolariek dituzten lan baldintzak dira, jakina baita duinak izatetik oso urrun daudela. Eta ez dut aipatu gabe utzi nahi sistema horrek herriko denda eta komertzio txikietan duen eragina, egun duten erronka saihestezina eta latza. Herrietan gero eta komertzio gutxiago ditugu zoritxarrez, horrek dituen ondorio kaltegarriekin.

Amazonen eta haren antzeko enpresa handien kudeaketa sistema egungo gizartearen argazkia da. Oso zaila da egun duten boterea, izena eta ospea samurtzea, baina gure esku dago indar handiagoa har ez dezaten alea ipintzea. Beraz, hurrengoan "Amazonen merkeago daukak/n" entzundakoan pentsa: merkeago zeinentzako? Ez ingurunearentzako, ez langileentzako, ez herriko merkatarientzako, ez herriarentzako, ez gizartearentzako ezta niretzako ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide