Aspaldiko partez, herriko Udal Musika Bandaren doinuak entzun ahal izan dira gaur eguerdian Azkoitiko kaleetan. Duela ia hamar hilabete, urriaren 3an, aritu zen azken aldiz Azkoitiko Banda herritarren aurrean. Hala ere, denbora gehiago joan da kalean azken aldiz jo zutenetik, urriko emanaldia Baztartxo antzokian egin zutelako.
Gaur, udalak uztailerako prestatu duen kultur egitarauaren barruan, ezohiko kalejira berezia egin du Bandak. 11:00etan Altzibarko Anaitasunan hasita, plazaz plaza ibili dira Bandako kideak. Izan ere, Altzibarkoan, Jausorokoan, Trenbidearen Zumardiaren eta Julio Urkixo etorbidearen arteko parkean, Jandonianizkoan eta Bizkargikoan geldialdiak eginez zeharkatu du herria Bandak, Plazaberrira iritsi arte. Geldialdi bakoitzean hiruzpalau pieza eskaini dituzte musikariek, Carlos Muñoz zuzendariaren esanetara, eta herritarren txaloak jasotzeko aukera izan dute: terrazetan gosaltzen edo hamaiketakoa egiten ari zirenek zein beren etxeetako leihoetara eta balkoietara irten direnek eskertu dute Bandakoen jarduna.
Irudiotan, Banda Anaitasuna plazan eta Jausorokoan ikus daiteke.