Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azkoitian atzo, asteartea, zortzi kasu positibo hauteman zituzten PCR eta antigeno probetan. Positibo horien eraginez, gainera, herria eremu gorrian sartu da; izan ere, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 417,26koa da gaur-gaurkoz. Azken astean 39 positibo zenbatu dituzte Azkoitian, eta horiek intzidentzia tasaren goraka ekarri dut berriz ere.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 51 positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Zarautzen eta Zumaian atzeman dituzte positibo gehien, eta Azkoitiarekin batera, Zarautz ere eremu gorrian sartu da 428,32ko tasarekin; izan ere, han hemeretzi positibo hauteman dituzte, eta hamasei Zumaian –1.017,60koa da tasa–.
Azpeitian, bestalde, hiru positibo zenbatu dituzte eta 262,81eko tasarekin eremu horian jarraitzen du. Getaria ere eremu horian dago 212,01eko tasarekin; han atzo bi positibo detektatu zituzten. Errezilen, Orion eta Zestoan, aldiz, positibo bana atzeman dute azken orduetan. Orioko intzidentzia tasa 342,47koa da, Zestoakoa 179,76koa eta Errezilgoa 161,03koa. Aian –251,89ko tasa–, Aizarnazabalen –390,12ko tasa– eta Beizaman ez dute positiborik zenbatu.
Hildakorik ez azken asteetan
Hego Euskal Herrian azken bi asteetan ez da izan COVID-19ak eragindako hildakorik. Kasuak berriz ere gora egiten ari badira ere, ospitaleetako ZIUak ere egonkor mantentzen dira. Atzo egindako probetan 1.521 positibo hauteman zituzten, herenegun baino 249 positibo gehiago. Nafarroan detektatu zituzten atzo positibo gehien: 532, guztira. Lurralde horretan 3.232 test egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %16,5ekoa izan zen –herenegun %15,9koa zen–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bestalde, 989 positibo atzeman zituen Osasun Sailak; lurraldeka, Araban 35 positibo hauteman zituzten, 462 Bizkaian eta 398 Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, lurralde horietatik kanpo bizi diren 35 lagunek ere positibo eman zuten. Guztira, 11.651 proba egin zituzten, eta beraz, positibotasun tasa %8,5ekoa izan zen.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osasun Sailak eta Osasunbideak. Gaur-gaurkoz 99 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan ospitaleratuta –atzo 87 ziren–, eta 31 Nafarroako ospitaleetan; 31 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta lau Nafarroan. ZIUetan daudenak, aldiz, 26 dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –23 ziren atzo– eta hamar Nafarroan.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, 31 puntu egin du gora, eta dagoeneko 377,87koa da zenbatekoa; eremu gorritik gertu kokatu da beraz hiru lurralde horietako zenbatekoa. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa zehazten duen R0 indizea, ostera, 1,31koa da orain hiru lurralde horietan –1,30ekoa zen atzo–. Datu horren arabera, positibo bakoitzak pertsona bat baino gehiago kutsatzen du orain.