Nola izan zen Txara sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?
Pili Perurena: Orain dela urte batzuk egon zen denda bat irekita Arroa Behean, baina azken urteetan Zumaiara edo Zestoara joan behar ginen erosketak egitera, autoa derrigorrezkoa genuen, beraz. Herritarrek beharra genuen. Maia Finlandiatik itzuli zenean, orain urte eta erdi, ideia komentatu nion, baina airean geratu zen. Handik gutxira ea serio al nindoan dendarekin, eta baietz esan nion. Jarrain bere anaia Aitor etorri zen, eta kooperatibaren ideia atera zen. Inguruan dauden denda txikiak, kooperatibak eta kontsumo arduratsukoak bisitatzen hasi ginen: Errezil, Bergara, Azpeitia... Forma hartzen joan zen, eta orduan, auzotarrekin bilera egitea pentsatu genuen, proiektuko partaide izan behar zutela uste genuelako. Bilera hartatik beste sortzaile bat atera zen: Ainhoa. Inkesta bat banatu genuen auzoan, herritarren nahiak eta beharrak ezagutzeko. Erantzun oso ona izan genuen; 50 erantzun baino gehiago. Informazio guztia jasota, Iraurgi Berritzen garapen agentziara jo genuen, prozesuan zehar laguntza jaso eta bideratzeko.
Enpresa plana garatu zenuten edota formakuntzaren batean parte hartu zenuten?
Maia: Formaziorik ez genuen egin, enpresa plana garatu genuen, baina gehiago izan zen Iraurgi Berritzenetik esandako pausoak jarraitzea; orain hau egin behar duzue, gero hori... eta guk pauso horiek jarraitu genituen. Etxeko lanak ematen zizkiguten helburu batzuk zehaztuz, erritmoa markatuz, eta egia esan, oso erraz jarri digute dena. Ez baligute lagundu, denda oraindik zabaldu gabe egongo litzateke ziurrenik.Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezue?
Pili: Egiari zor, oso felixianoak izan gara. Une bat iritsi zen, ordea, esan zigutela Iraurgi Berritzenen: “Hodeitik jaitsi zaitezte mesedez”, helburuak ez genituela beteko uste zuten. Momentu horretan esprintatu behar izan genuen."Polita izango litzateke herritarren kontsumo ereduak aldatzea, zerbitzu eraldatzailea izatea. Baina jakin badakit oso zaila dela eta oso poliki egin behar dela."
Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?
Maia: Txara zabaldu aurretik, soldatapeko lanean nenbilen, baina batere motibaziorik gabe. Egin behar zena egiten nuen, eta kitto. Orain, ordea, oso desberdina da. Hasieratik da gure proiektua, guk nahi edo ahal izan dugun bezala sortu dugu, eta horrek gehiago motibatzen zaitu. Proiektuari eta gure lanari buruzko erabakiak guk hartzen ditugu. Ordu gehiago ere sartu behar dituzu, hori bai.Pili: Era berean, ez dugu helburu bat, hau da, lan hau ez duzu egun zehatz baterako amaitu behar... zenbakiak beti dituzu hor, eta diru kopuru bat beharrezkoa duzu, batik bat, proiektua bideragarria eta jasangarria izateko. Minimoa eginez gero, gainerako dena ongietorria da, beraz, presiorik ez dugu. Gainera, herritarrekin batera egiten ari garen zerbait da, irekia da, eta saiatzen ikusten gaituzte, kontziente dira ditugun baliabideak urriak direla, ulertzen dute. Denok ari gara ikasten, beraiek kontsumitzaile bezala eta gu, negozioa eramaten. Horrek ere presioa kentzen dizu.
Zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?
Pili: Proiektuan sinestea. Sinesten baduzu, naturalki irteten da, konbentzituta zauden zerbaitekin ari zarelako. Gure kasuan, herriak behar zuen zerbitzua, gero herritarren babesa eta beharra ere nabaritu genuen... inoiz ez dut zalantzan jarri lortuko genuenik.Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.