Udalak uztailerako antolatutako kultur ekitaldiek aste honetan izango dute jarraipena. Joan den asteburuan hasi zituzten ekintzak Trapu Zaharrak konpainiaren Turistreatzen kale antzerkiarekin. Larunbat arratsaldea girotu zuten antzezleek herrian.
Datozen egunetarako ere antolatuta ditu Azkoitiko Udalak ekintzak. Hain zuzen ere, etzi eta larunbata ere Balda plazan askotariko ekitaldiak izango dira. Ostiralean, Monik eta Eider trikitilarien emanaldia izango da Balda plazan, 20:00etan hasita. Zestoako trikitilariek trikiti eta pandero doinuak eskainiko dituzte azkoitiarren aurrean.
Larunbatean, bestalde, xaboizko burbuila erraldoietan oinarritutako Pomper gau ikuskizuna eskainiko dute 22:00etan Balda plazan. Aurrez, 19:30ean, ponpa tailerra egingo dute Balda plazan bertan haurrentzat. Pomperren aire zabaleko ikuskizunak oso koloretsuak, deigarriak eta originalak dira. Kanpoko espazioetan, burbuilek oso modu desberdinean jokatzen dute, haizeak zeruan hegan egitea eragiten baitie burbuilei. Haizearen eta musikaren erritmoan, forma bitxiz eta kolore zoragarriz betetako gau giroa sortuko du ikuskizunak.