Amoranteren doinuak, Matadeixeren 25. urteurrena ospatzeko azken-aurreko ekitaldian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 4a, 14:38

Amorante, Matadeixen. (Argazkia: Ainhoa Beristain)

Elgoibartarrak "maitasun handiarekin" eskaini zuen kontzertua Azkoitian. Datorren astean amaituko dira Matadeixek bere 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak. 

Matadeixeren 25. urteurrena ospatzeko ekintzak ari dira amaierara hurbiltzen. Atzo, zapatua, Amorante abeslari elgoibartarraren txanda izan zen Matadeixen 12:30ean. Amorantek Matadeixen eskaini zuen lehen kontzertua izan zen, eta giro ederra sortu zen beste behin Matadeixen.

Musikariak berak aitortu du aste honetan Matadeixeko plaza Euskal Herrian "gehien maite" duenetako bat dela. "Nik egiten ditudan emanaldietarako lekurik ederrena da, estetikoki, fisikoki, filosofikoki nahiz sentimentalki. Niretzat leku berezia da, eta emanaldi asko ikusi izan ditut han", azaldu zuen. Kontzertua "maitasun handiarekin" eskaini zuen Amorantek.

Matadero Ekintzak taldeak adierazi duenez, "kontzertu bikaina" izan zen atzokoa. "Ez daigu gonbidatu hoberik burura etortzen horrelako egun batera", idatzi dute sare sozialetan. Urteurren ekintzak amaitzeko, datorren igandean, uztailak 11, IbonG-ren kontzertua izango da Matadeixen. Ekainaren 18an hasitako bidea itxiko dute datorren asteburuan, beraz, Matadeixen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide