Igaro berri den larunbatean, hilaren 26an, jokatu zuten Gipuzkoako Atletismo Txapelketaren bigarren jardunaldia Anoetan (Donostia, Gipuzkoa), eta beste behin lorpen txukunak eskuratu zituzten Azpeiti-Azkoitiko Xeye atletismo taldeko kirolariek.
Julen Azpiazu azpeitiarrak 20 urtez azpikoen mailan urrezko domina lortu zuen; gainera, Xeyeko gazteak 1.500 metroko lasterketan bere marka pertsonala hobetu zuen. Hain zuzen, lau minutu eta zortzi segundoko denboran ezarri zuen marka berria Azpiazuk.
Naiara Tena azpeitiarrak ere primerako lana egin zuen, eta 18 urtez azpikoen mailan urrezko domina lortu zuen 400 metroko lasterketan. Bingen Aranbarri azkoitiarrak, berriz, zilarrezko domina eskuratu zuen, 18 urtez azpikoen 1.500 metroko lasterketan.