Zazpi egun jarraian positiborik gabe

Amaia Urbieta Arruti 2021ko eka. 28a, 13:53

Joan den astelehenaz geroztik, ez dute positiborik atzeman Azkoitian. Horrek hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa nabarmen jaistea ekarri du: joan den astelehenean 158,56koa zen, ostiralean 91,80koa eta gaur 41,73koa da. Eskualdean, ostera, 42 kasu zenbatu dituzte azken hiru egunotan, aurreko asteburuan baino 31 gehiago. Mallorcako agerraldiari lotutako 29 kasu baieztatu dituzte Zumaian.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena asteburuko herriz herriko datuekin eta guzti, eta horren arabera, ostiralaz geroztik ez dute positiborik zenbatu herrian. Areago, zazpi egun dira herrian positiborik baieztatu ez dutela. Horrek hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa nabarmen jaistea ekarri du: joan den astelehenean 158,56koa zen, ostiralean 91,80koa eta gaur 41,73koa da. Eremu berdean dago Azkoitia.

Eskualdean kezkagarriagoa da egoera. Azken hiru egunotan 42 kasu baieztatu dituzte, aurreko asteburuan baino 31 gehiago. Zumaian dago fokua ipinita, herri horretan 29 kasu atzeman dituztelako asteburuan —21 ostiralean, eta zortzi atzo—. Kasuen igoera horrek Mallorcan (Herrialde Katalanak) izandako agerraldiarekin zerikusia du, 60 zumaiar gazte inguru izan baitziren bertan, eta Eusko Jaurlaritzak PCR proba egitera deitu zituen asteburuan ikasturte amaierako bidaian uharte horretan izan zirenak. Ondorioz, asko igo da intzidentzia tasaren adierazlea Zumaian (457,92), eta eremu gorrian sartu da herria. Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eremu gorrian dagoen herri bakarra da Zumaia; gainontzeko udalerri guztiak eremu horian edo berdean daude. 

Asteburuko gainontzeko positiboak Zarautzen, Azpeitian, Orion eta Zestoan atzeman dituzte. Sei izan dira Zarautzen, lau Azpeitian, eta bana Orion eta Zestoan. Azpeitian zertxobait igo egin da intzidentzia tasa: 210,25koa zen ostiralean eta 223,39koa da gaur. Beste hiru herrietan, tasa apalak dituzte. Gaur-gaurkoz, 51,40koa Zarauzkoa; 97,85ekoa da Oriokoa, eta 25,68koa Zestoakoa. 

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu positibo berririk hauteman asteburu osoan, eta hutsean dago intzidentzia tasa herri horietan.

Positibotasun tasa, %3aren bueltan

Datu orokorragoei erreparatuta, atzokoan 5.547 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, eta horietatik 171k eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %2,9koa da intzidentzia tasa, eta Nafarroan, berriz, %4koa.

Ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: 85 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun, eta 11 ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 35 pertsona daude, duela astebete baino hamar gutxiago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide