XXXIX. Azkoitia Hiria xake txapelketa, Hondarribira

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 28a, 09:01

Santikutz taldea sailkatu zen bigarren postuan eta Azkoitia A-k osatu zuen podiuma, hirugarren tokia eskuratuta, Joxe Azkueren oroimenezko X. edizioan. Anaitasuna Kakute klubekoak gustura azaldu dira xakelariek Kontzejupen erakutsitako mailarekin eta txapelketaren giroarekin.

Hondarribia-Marlaxka taldearentzat izan da aurtengo Azkoitia Hiria xake txapelketa. Hamahiru talde lehiatu ziren atzo goizean Kontzejupen Anaitasuna Kakutek antolatutako txapelketaren XXXIX. edizioan, Joxe Azkue zenaren oroimenezko X.a, eta azkenean podiuma osatu zuten hiruren arteko lehia estua izan zen.

Hondarribiarrentzat izan zen txapela, Goio Uriarteren lanean oinarrituta, hein handi batean. Baina txapeldunek ez zituzten urruti izan Legazpiko Santikutzekoak eta Anaitasuna A-koak, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren taldeak. Azkoitiarrek ezin izan zuten berritu 2020ko garaipena, baina lan oso ona egin zuten; Santikutzengandik puntu erdira gelditu ziren atzo. Podiumeko hirukotearen atzetik sailkatu ziren, hurrenketa honetan, Gros, Zornotza, Barakaldo, Billabona, Santurtzi, Liendo, Azkoitia B, Xaputarrak, Martintxo eta Mendaro.

Anaitasuna Kakute klubekoak gustura azaldu dira xakelariek Kontzejupen erakutsitako mailarekin eta txapelketaren giroarekin. Markel Vesga, Ibon Martín, Pablo Arrondo eta Igor Altolagirre izan ziren emaitza indibidual aipagarrienak lortu zituzten jokalariak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide