Azkoitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailak lankidetza hitzarmena adostu du azken egunotan irabazi asmorik gabeko hainbat elkarterekin. Akordio horiei esker, dirulaguntza jasoko dute Elikagaien Bankuak —2.000 euro—, Odol Emaileen Elkarteak —3.500 euro— eta Izan Fundazioak —2.000 euro—.
Janire Igoa udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi duenez, elkarteek beren jarduera soziala gauzatzen jarrai dezaten emango dituzte laguntzak: "Gizarteari egiten dioten ekarpenak berebiziko garrantzia du, eta udal honek laguntza ematen jarraituko die, benetako beharrak asetzeko lanean ari direlako buru-belarri".
Laguntza jasoko duten elkarteetako arduradunekin bildu da Igoa erakundearen "babesa eta esker ona" helarazteko, hala nola Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidentearekin, Luis Arregi Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko arduradunarekin eta Izaskun Sasieta Izan Fundazioko programen zuzendariarekin.