Atzo, larunbata, aisialdiko begiraeei zuzendutako 'Aisia guztiontzat' formakuntza saioa egin zuten Azkoitiko Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Aisialdiko begiraleei ezagutza emateko, eta bereziki, begiraleek gazte zein haur guztiak kontuan hartuta joko eta kirol jarduera egokituak eta inklusiboak diseinatzeko gai izan daitezen eskaini zuten formakuntza saioa Elkargunean.
40 begirale inguru elkartu ziren Elkargunean. 09:30etik 11:00etara bitartean, Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kideak aurkeztu zuen atzoko saioa. 11:30etik 14:00etara bitartean, berriz, desgaitasuna zer den, horien sailkapenak eta elkarrekintzarako aholkuak eman zituzten Iñigo Iturbek eta Eneritz Mayorak.
Goizean bezala, arratsaldean ere saioa egin zuten Elkargunean. Saioa teoriko-praktikoa izan zen arratsaldekoa, goizeko hiru protagonistek eta Jurgi Olasagastik zuzenduta. Azkoitiko Udalak, Elkarguneak, Marea Urdinak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Aldundiak elkarrekin antolatutako saioa izan zen atzokoa.