Gustatu ala ez, pilota, futbola eta saskibaloia dira Azkoitian gehien praktikatzen diren kirolak. Baina horrek ez du esan nahi beste kirolik egiten ez denik. Entzute eta oihartzun txikiagoa izan arren, herrian badira urteetako ibilia duten eta kirolari finak hezi dituzten beste eskola batzuk. Horietako bat da Anaitasuna Kanku karate eskola, "eskualdeko eskola onenetakoa ez ezik, baita Euskal Herriko onenetakoa ere", Juan Murilloren (1958, Rio de Lora, Sevilla, Espainia) hitzetan. Rita Juaristik (Azkoitia, 1958) eta biek gidatzen dute Azkoitiko karate eskola.
Duela 32 urte karatea zer zen inork gutxik zekien Azkoitian. Murillo, ordurako, irakasle zebilen Eibarren. "Jesus Arrizabalaga izan zen nirekin harremanetan jarri zena, Azkoitiko Udaleko Kultura eta Kirol arduraduna. Zubiaurre kiroldegia inauguratu berri zutela eta, karate eskola batzuk ematera etortzeko eskatu zidan, proba gisa". Murillok baiezkoa eman zion eta 1989ko maiatzean ekin zien eskolei. "Helduentzako eskolekin hasi nintzen, arrakasta handirik gabe, sei edo zazpi lagunek bakarrik eman baitzuten izena", gogoratu du.
Juaristi zen ikasle haietako bat, kirolzalea bai, baina sekula karatean ibili gabea. "Karate eskolak iragartzen zituen kartel bat ikusi nuen kiroldegian. Karateaz ez nekien ezer, ezta irakaslea nor izango zen ere, baina izena ematea erabaki nuen". Ordurako bazituen 32 urte eta bi ume. "Probatu eta gustatu egin zitzaidan, ikaragarri gustatu ere. Ez dakit zer duen horrenbeste katigatzen duena, baina ni behintzat erabat harrapatu ninduen. Hango diziplina, zuzentasuna, errespetua...". Hain justu, horiek dira karatearen oinarrizko zutabeetako batzuk. "Bost zutabe ditu", zehaztu du Murillok: "Nortasunaren heziketa, zuzentasuna, ahalegina eta iraunkortasuna, besteenganako errespetua eta indarkeria erreprimitzea. Balio horiek guztiak bizitzako alor guztietan ezar daitezke".
"Oso-oso harro sentitzen gara eskola honetan hazi den jendea daukagulako"
Ikasturte hura bukatzean, Azkoitiko eskolekin ez jarraitzea erabaki zuen Murillok, eta halaxe adierazi zion Arrizabalagari. "Eibarren bizi nintzen, artean Azkarateko bide berria egin gabe zegoen, eta ez zitzaidan erosoa egiten sei laguni eskolak emateagatik Azkoitira etortzea". Arrizabalagak, ordea, ez zuen amore eman nahi, eta hurrengo ikasturtean umeekin proba egitea proposatu zion. "Hura ustekabea hartu nuena irailean: ume piloa azaldu zen". Murillok ez ezik, Juaristik ere aitortu du "poz ederra" hartu zuela eskolekin jarraituko zutela jakin zuenean. Halaxe ekin zioten bideari, poliki baina tinko.
Pausoz pauso
Murillo bazen nor karatean, gazterik hasi baitzen praktikatzen; Juaristi, berriz, hasiberria. "Pixkanaka-pixkanaka, aurrera eta aurrera, graduetan gora egiten joan nintzen eta gaur arte". Gaur, Laugarren Danaren jabe da, Euskal Karate Federazioak emandako entrenatzaile titulua du eta Espainiako B mailako arbitroa da. Murillok, ostera, Zazpigarren Dana du, Espainiako Karate Federazioak emandako entrenatzaile titulua, eta Euskal Karate Federazioko Graduen Epaimahaiko zuzendaria da. "Hasi nintzenean esan izan balidate egunen batean gerriko beltza jantziko nuenik, ez nukeen berehalakoan sinetsiko, baina zerbaitetan konstantea bazara, gauzak ailegatu egiten dira", esan du Juaristik.
Gaur egun bost urtetik gorako ehundik gora ikasle dituzte eskolan, eta 32 urteotan milaka izan dira, Murilloren arabera. "Oso-oso harro sentitzen gara eskola honetan hazi den jendea daukagulako. Batzuek jarraitu egiten dute, eta beste batzuek beren umeak eta bilobak ekartzen dizkigute. Eta ez azkoitiarrak bakarrik, Eibartik, Errezildik, Markina-Xemeindik eta beste hainbat lekutatik ere etortzen da jendea". Herri horietako batzuetan karate eskolak egonda jendea Azkoitira etortzeak "sekulako poza" ematen diela aitortu du Murillok. Zergatia galdetuta, eskolaren mailagatik dela esan du. "Urteetan egin dugun lanari, iraunkortasunari, irakasleen prestakuntzari eta praktikan eta lehian daukagun mailari esker, izen ona irabazi dugu eta jendeak gurera etorri nahi du. Jendeak badaki aurrera egin nahi badu maila oneko eskolaren batera joan behar duela, eta gurea horietako bat da".
Adin guztietako jendeak praktika dezake karatea, eta adin guztietako kideak dituzte Anaitasuna Kanku eskolan ere. "Denei balio die karateak eta ez dago praktikatzeko adin mugarik", zehaztu du Murillok. Ume batzuk pediatraren edo podologoaren gomendioz hasten direla esan du. "Hasieran psikomotrizitate globala lantzen dugu, norberaren gorputzaren gaineko kontrola, eta gerora psikomotrizitate fina, maila ertain-altuko karatea. Eta baieztatuta daudagu umerik baldarrenek ere hobera egiten dutela. Arnasketa, lateraltasuna, gorputzaren simetria, kontzentrazioa, zerbaiti aurre egiteko jarrera, arretatsu egoteko gaitasuna... horiek guztiak lantzen ditugu, eta praktikatzen duenak ikusi egiten du balio diola. Izan ere, karatea bizitza estilo bat da eta behin ikasitakoa ez da sekula ahazten".
"Karatea bizitza estilo bat da eta behin ikasitakoa ez da sekula ahazten"
Lehiatzea ez da helburua
Herritarrei karatea zer den erakusten saiatzen diren arren, gaur egun, oraindik ere, jendeak "uste oker asko" dituela iritzi dio maisuak. "Jendeak uste du karatea dela zapla han, zapla hemen, eta justu kontrakoa da, hori saihestea da helburua. Karateko ekintza guztiak, izan banakakoak izan binakakoak, defentsa batekin hasten dira". Kirola dela esatea ere zuzena ez dela uste du. "Karatea gehiago da artea; arte martzial bat da". Azkoitiko eskolan lehiatzea helburu jartzen ez duten arren, karatean bada lehia. "Gure helburua ikasle oro heztea da; lehiatzearen kontua, aldiz, selektiboa da. Hala ere, lehiatu nahi duena orienta genezake eta gure laguntza ere emango diogu".
Lehiaren esparruan Kankuren izena goren eman duten karatekak nortzuk izan diren galdetuta, Rafael eta Rodrigo Ibañez anaiak aipatu ditu Murillok. "Ez dira azkoitiarrak, baina gurean federatuta daude. Olinpiadaren aurreko txapelketetakoak dira biak, karaterako bekak dituzte eta horretan buru-belarri aritzeko aukera dute. Oso gutxi iristen dira maila horretara". Azkoitiarretan, berriz, Markel Piris eta Iosu Conde aipatu ditu; orain dela gutxi dominekin itzuli dira Espainiako Txapelketatik. "Ez pentsa Espainiako Txapelketa batean domina irabaztea txantxa denik; sekulako lorpena da, maila izugarria baitago".