Zuretzat ilargia lapurtuko nuke astero

Erabiltzailearen aurpegia Kari Alberdi 2021ko uzt. 4a, 09:57

(Argazkia: Pixabay)

Kari Alberdik ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Zuretzat ilargia lapurtuko nuke astero'

Ilargirik lapurtu duten ez dakit baina Ken Zazpi taldearen kanta famatuak hainbat eta hainbat bihotz lapurtu ditu urteetan zehar. Erromantizismoaren gailurretik hain gertu eta errealitatetik hain urrun dirudien esaldi hau euskal musikaren ikurretako bat bilakatu da.

Gernikako taldeak abestia kaleratu zuenetik, ez dira gutxi izan egin diren bertsioak, katalanezko La Llunatik hasi eta "zuretzat Eroskia lapurtuko nuke gauero" zioen Wazemank saioaren parodiaraino. Legez kanpoko praktiketara bultzatzea ez bada ere nire asmoa, lehen lerro hauetan dagoeneko datorren baieztapena egin beharrean nago: aldez errazagoa da supermerkatua gauero ostea, satelitera gerturatzea baino.

Itxaron, zer da satelite bat? Eta zer da Ilargia? Zergatik erabili euskal musika zientzia azaltzeko? Eta zientzia euskal musika azaltzeko? Batzuetan atea itxita egon delako eta besteetan giltza aurkitzeko gai izan ez garelako, zientziaren eta herriaren arteko ateak harresi bilakatu direla dirudi sarritan. Zientzia komunikatzaileon lana bi aldeen arteko zubia eraikitzean datza, eta neuk euskal kantetan aurkitu ditut nire lanabesak. Oinarritik abiatuta, distantziak mozten saiatuko naiz datozen lerroetan, Eñaut Elorrietaren etxearen eta Ilargiaren arteko ibilbidea baino motzagoa izatera irits daitekeela amestuz.

Euskal mitologian hain aipagarria den Ilargia dugu gaur aztergai. Horrela deitzen da Lurraren satelite natural bakarra. Satelitea, handiagoa den zeruko gorputz natural baten inguruan ibilbide bat egiten duen zeruko gorputza. Zeruko gorputz naturalak izendatzeko astro hitza erabiliko dugu hemendik aurrera, eta inguruan ibilbide bat egiteari orbitatzea deituko diogu. Beraz, Ilargia Lurraren satelitea bada eta bere inguruan orbitatzen badu, bera baino txikiagoa izango da, ezta? Halaxe da. Ilargiaren batez besteko diametroa lau aldiz txikiagoa da, gutxi gorabehera, Lurrarenarekin alderatuta. Txikiagoa izateak ez du esan nahi txikia denik, hori aldamenean konparatzeko jartzen dugunaren araberakoa baita.

Lurretik modu ezberdinetan ikus dezakegu gure astroa eta itxura aldatzen duen denbora tarte hauek aldi izena hartzen dute: ilberri, ilgora, ilbete eta ilbehera. Aldi bakoitzean ikusi dezakegun zatia Eguzkiak argiztatutakoa izango da eta denbora neurtzeko erabili izan dira antzinatik, egutegiak sortzeko erabiltzeraino. Horrez gain, Ilargiaren grabitazioaren eraginak itsasoetako mareak sortzen ditu, grabitazioa masadun gorputzen arteko erakarpena izanik.

Hau da hau abantaila pila opari bakarrerako! Ilargia kondaira eta ikerketa astronomiko ugariren ardatz nagusia izan da mendeetan zehar, gizakiaren gertaera historiko ugari idazteraino. Neil Armstrong-ek ontzitik irten eta ilargiratu zenean bota zuen esaldia gogoratzen? "Pauso txikia da gizakiarentzat, jauzi ikaragarria gizadiarentzat". Gauero Ilargia lapurtzekotan bagara, pauso txiki mordo bat eman beharko ditugu.

Izan ere, Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia 384.000 kilometrotakoa dela neurtu da, hor nonbait. Beste zenbaki batzuetan esanda, 7.111 Zazpi Kurutze mendi martxa. Ez naiz, dirudienez, bidaia honen iraupenaren inguruan galderak egin izan dituen lehena. Rhett Allain fisikariak 2019. urtean egindako ikerketa baten arabera, Lurretik Ilargira doan bidea bizikletaz egingo bagenu, bederatzi hilabetetan bertan izango ginela ondorioztatu zuen.

Gure misiorako garraio azkarrenak (eta aproposenak) ditugula suposatuko dugu gaurkoan. Espazio-ontzi bat, alegia. Dagoeneko egin diren bidai espazialen datuen arabera, hiru bat egun iraungo zuen gure etxetik sateliteraino doan bidaiak eta beste hiru beharko genituzke itzultzeko.

Informazio honekin guztiarekin, hain erromantikoa ez den baina errealitatetik gertuxeago dagoen aldaketa bat proposatzekotan nator gaurkoan Elorrietari: Zuretzat ilargia lapurtuko nuke astero.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide