Iban Larrañagak erremonteko Sagardoaren Txapelketaren finalaurrekoa jokatuko du

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 26a, 08:21

Iban Larrañaga

Segurolarekin bikotea osatuta ari da lehiatzen azkoitiarra, eta Urriza eta Zaldua izango dituzte aurrean datorren astelehenean, Galarreta pilotalekuan.

Erremonteko Sagardoaren Txapelketa azken txanpara iristen ari da. Aurten, Erremontari telebista saioaren barruan ari dira jokatzen binakako txapelketa hori; herenegun bukatu zuten sailkapen fasea jokatzea, datorren astelehenean jokatuko dituzte bi finalaurrekoak, eta horietako batean ariko da Iban Larrañaga atzelari azkoitiarra.

Sei bikote lehiatu dira aipatutako lehen fasean, eta horietako lauk egin dute aurrera txapelketan. Larrañaga Segurolarekin bikotea osatuta ari da Sagardoaren Txapelketan, Gaztañaga sagardotegia ordezkatuz. Sailkapen fasean bosna partida jokatu dituzte bikoteek. Garaipenek ez ezik, tanto kopuru jakin batera iristeak ere puntuak eman dizkie lehiakideei. Segurola-Larrañaga bikoaren kasuan, bostetik bi partida irabazi dituzte, baina beste bitan ere lortu dituzte puntuak, neurketak galdu horren; guztira hamabi puntu eskuratuta, sailkapen faseko hirugarren bikote onena izan dira, eta, horrenbestez, finalaurrekoetan aritzeko eskubidea irabazi dute.

Datorren astelehenean, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan, Urrizarekin eta Zalduarekin neurtuko dituzte indarrak Segurolak eta Larrañagak, finalaren bila. Beste finalaurrekoa ere astelehenean izango da, eta Ansa II.a-Labaka eta Goikoetxea V.a-Aizpuru III.a lehiatuko dira bertan.

Binakako Txapelketaren finalaurrekoa ere jokatu zuen Larrañagak joan den abenduan. Orduan, finaletik kanpo gelditu ziren Juanenea eta bera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide