'TrekantabrikoUrdina' ibilbidea egingo dute Aleson eta Morcillo mendi lasterkariek aniztasun funtzionala dutenen alde

Andoni Elduaien 2021ko mai. 25a, 16:36

Ezkerrean, Aleson; eskuinean, Morcillo.

Marea Urdina elkartearekin batera, Aleson eta Morcillo mendi korrikalariek aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko beste ibilbide bat hasiko dute bihar: 'TrekantabrikoUrdina'. Ekainaren 3ra bitartean Kantabriko guztia gurutzatuko dute aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko aldarrikapenak egiteko. Bederatzi etapatan 500 kilometro egin nahi dituzte.

Imanol Aleson mendi lasterkari azkoitiarrak eta Julian Morcillo madrildarrak aniztasun funtzionala bizi duten pertsonen aldeko bigarren mendi ibilbide egitasmoa egingo dute aurten ere. Iaz egin zuten GR 11 Urdina egitasmoaren ondoren, aurten TrekantabrikoUrdina egitasmoa egingo dute. Bihar, maiatzak 26, hasiko dute TrekantabrikoUrdina Kantabriako (Espainia) Alto Campoo eski estazioan, eta ekainaren 3an amaituko dute ibilbidea Galiziako Piedrafita Cebreiro herrira iritsita.

Inork inoiz egin ez duen ibilbidea da Trekantabrikoa; izan ere, Alesonek eta Morcillok Kantabriko osoa gurutzatuko dute. Trekantabrikoaren ohiko ibilbidea 29 etapetan zatitua baldin badago ere, bederatzi egunetan, bederatzi etapetan egin nahi dute Alesonek eta Morcillok. Guztira 500 kilometro eta 25.000 kilometro positiboko desnibela duen ibilbidea gainditu beharko du bikoteak bederatzi egunetan.

Bederatzi inklusio aldarrikapen

Bederatzi etapa baliatuko dituzte Aleson eta Morcillo mendi lasterkariek aniztasun funtzionala duten pertsonen aldeko inklusio aldarrikapenak egiteko. Etapa bakoitzean aldarrikapen bat egingo dute, eta besteak beste, jolas egiteko, ikasteko, komunikatzeko eta lan egiteko eskubideak, kulturan zein kirolean parte hartzeko aukerak, irisgarritasun nahia eta errespetatuak izatea aldarrikatuko dituzte Alesonek eta Morcillok.

Marea Urdinak Trekantabriko egitasmoaren webgunea jarri du martxan, eta bertan irakur daiteke ibilbideari buruzko informazio guztia. Gainera, bi mendi lasterkariak zein paretan dabiltzan jakiteko gunea ere egokitu dute. Hona hemen TrekantabrikoUrdina egitasmoko etapa guztiak:

  • 1. etapa, maiatzak 26: Alto Campoo-Espinama (jolas egiteko eskubidea dut)
  • 2. etapa, maiatzak 27: Espinama-Oseja de Sajambre (ikasi egin nahi dut)
  • 3. etapa, maiatzak 28: Oseja de Sajambre-Brañagallones (lana egin nahi dut)
  • 4. etapa, maiatzak 29: Brañagallones-Villamanin (kulturan parte hartu nahi dut)
  • 5. etapa, maiatzak 30: Villamanin-Meicin (kirola egin nahi dut)
  • 6. etapa, maiatzak 31: Meicin-Puerto Somiedo (irisgarritasuna nahi dut)
  • 7. etapa, ekainak 1: Puerto Somiedo-Cerredo (komunikatzeko eskubidea dut)
  • 8. etapa, ekainak 2: Cerredo-Balouta (errespetatuak izan nahi dugu)
  • 9. etapa, ekainak 3: Balouta-Piedrafita Cebreiro (gizartearen parte naiz)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide