Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, ekainaren 8an hasiko dira Azkoitia eta Urretxu (Gipuzkoa) lotzen dituen GI-631 errepideko hobekuntza lanekin. T2 deritzon fasea izango da orain hasiko dutena, eta Aizpurutxotik Urretxurako 26,600 eta 27,800 kilometroen artean aurreratzeko erreia eraikiko dute.
Azkoitiko Udalak adierazi duenez, obrek eragina izango dute errepideko zirkulazioan. Hain zuzen ere, oraingo erreietako bat hartuko dute lanek egungo plataformako eskuineko ertzean indusketak egiteko nahiz errepidea zabaltzeko lanak gauzatzeko. Hori dela eta, errepidearen bi noranzkoetako ibilgailuek txandaka igaro beharko dute errei horretatik, eta semaforoen bidez antolatuko dute pasabidea.
Txandakako zirkulazioa ekaineko bigarren astean hasi eta hamalau hilabetez luzatuko da gutxi gorabehera, eta txandakako zirkulazioa izango duen tarte horren luzera 600 metro ingurukoa izango da.
Construcciones Moyua enpresa izango da lanak gauzatuko dituen enpresa, eta 7.759.602,47 euroko aurrekontua izango dute horretarako. Esleipenaren hasierako aurrekontua 9.301.849,03 eurokoa zen, eta, guztira, zazpi enpresa aurkeztu ziren lizitaziora —horietatik bost Aldi Baterako Enpresen Batasuna eratuta—. GI-631 errepideko hobekuntza lanen proiektuak hiru fase ditu, eta guztira, 45,5 milioi eurokoa da aurrekontu osoa.