Nahi baino okerrago ekin zion Azkoitiak eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketari, eta nahi ez bezala agurtu dute sariketa. Izan ere, final zortzirenetan txapelketatik kanpo gelditu da Azkoitia.
Atzo jokatu zituzten Oiartzunen aurkako itzulerako partidak Azkoitiko Gurea pilotalekuan, eta azkoitiarrek ezin izan zuten aurkaria garaitu. Kadeteetan Jon Etxanizek eta Inhar Egañak 10-22 galdu zuten partida, jubeniletan Mikel Aranbarri eta Alex Juaristik 13 eta 22 eta seniorretan Jon Oteizak eta Jagoba Urangak 15 eta 22ko emaitza lortu zuten markagailuan. Horrenbestez, Oiartzunen aurkako joan-etorria 6 eta 0 galduta, aurtengo Herriartekoari agur esan behar izan diote Azkoitiko pilotariek.
Palisten txanda, bihar
Beste modu batera ekin diote Herriartekoari Azkoitiko palistek. Joan zen astean Errenterian (Gipuzkoa) jokatu zuten final zortzirenetako joaneko partida, eta markagailuan 0-3 gailendu ziren azkoitiarrak. Beraz, abantailarekin aterako dira bihar pilotalekura. Palista azkoitiarrek etxean jokatuko dituzte bihar itzulerako partidak, 10:30ean hasita, Gurea pilotalekuan.