Azkoitiko Udalak behin behineko aparkaleku berria egokitu du San Martinen, berotegi zaharrak zeuden tokian. Erakundeak azaldu duenez, lursaila pribatua da, eta udalak lagatze hitzarmena adostu behar izan du jabeekin gunearen erabilpenerako. Behin akordioa itxita, Azkoitiko Udala lurzorua egokitzeaz arduratu da. "Lur begetala kendu eta hartxintxarra edo harrobiko betegarria bota da, autoak sartu ahal izateko. Hori bai, bertan aurreikusita dago garapen urbanistikoa eta beraz, aparkalekuak behin behinekoak dira", azaldu du erakundeak. Era berean, aurreratu du "eraikuntza enpresa batek etxebizitzak eraikitzen hastea erabakitzen duen artean" egongo direla erabilgarri aparkalekuak.
Berotegiak zeuden tokiko aparkalekua dagoeneko erabilgarri dago. Bigarren aparkalekua –Kurutziaga baserri ondoan dagoena– aldiz, datorren astean prest izango dela aurreikusten du udalak. Eremu horretan ere hartxintxarra botako dute datozen egunetan.
Gaur goizean San Martin auzoan izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Imanol Arrizabalaga Hirigintza zinegotzia, eta auzotarrekin solasteko aukera izan dute. Udalak azaldu duenez, bertako bizilagunak "esker oneko eta pozik" agertu dira, "esandakoa bete delako".
“Aparkalekuak tokiaren eta orduaren arabera ez daude soberan. Herrian dagoen ibilgailu kopurua gero eta altuagoa da, eta oinez erraz egin daitezkeen joan-etorrietarako ere autoa hartzen bukatzen dugu. Arazoak ez dauka konponbide erraza, espazioak mugatuta daudelako, baina badaude aukerak ematen dituzten zonaldeak eta horixe izan da San Martingo kasua”, azaldu du alkateak. “Badakigu San Martinen irisgarritasuna hobetzeko beharra era badagoela, eta, oraingoz, ezer aurreratu ezin dugun arren, konponbidea emateko lanean ari gara”, gaineratu du.
Udalaren arabera, gaur egun 7.306 ibilgailu –motorrak, autoak, kamioiak e.a– daude Azkoitian.