Udalak bat egin du LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunerako Jaurlaritzak aurkeztu duen manifestuarekin

Andoni Elduaien 2021ko mai. 17a, 11:42

Gaur, maiatzak 17, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Kolektiboaren eskubideen aldeko aldarrikapena indartzeko xedez, udalak bat egin du Jaurlaritzak aurkeztutako manifestuarekin.

Gaurko egunez 1990ean, homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori dela eta, maiatzaren 17a LGTBIfobiaren kontrako eguntzat hartu da mundu guztian. Azkoitiko Udaleko Berdintasun sailak antolatutako 'Opil eta Muxilen binetak' erakusketa ikusgai izan da egunotan Elkargunean. Datozen egunotan ikastetxeetako ikasleek egingo dute bisita hara. Horren harira, Eusko Jaurlaritzaren Berdindu Zerbitzuak gaurko egunaren harira egindako manifestuarekin bat egin du udalak. Hona hemen manifestua:

"1990eko maiatzaren 17tik, OMEk homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuenetik, egun hori ospatzen da, eta balio esanguratsua du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualentzat, gaur egun LGTBI kolektiboak oraindik ere aurre egin behar dien eskubideen aldeko eta diskriminazioaren aurkako jardueren ardatz katalizatzaile gisa.

COVID-19aren ondorioz bizi dugun egoera eragin handia izaten ari da gure kolektiboan ere; beraz, sexu- eta genero-aniztasunaren aurkako gorrotoak eragindako erasoak salatzen jarraituko dugu. Eraso horiek ez dira gure inguruan bakarrik gertatzen. Lesbiana, gay eta bisexualen lege-babesean aurrerapen handiak egin diren arren, NBEko 69 estatu kidek sexu bereko helduen artean adostutako sexu-ekintzak zigortzen jarraitzen dute, ILGAk (Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexen Nazioarteko Elkartea) adierazten duen bezala. Human Rights Watchen arabera, pandemiak desberdintasun arrakalak eragin ditu, eta kolektibo batzuk besteak baino ahulagoak dira. LGTBI kolektiboaren aurkako aurreiritziak nabarmenak izan dira Covid-19ri emandako erantzunetan munduko eskualde askotan.

Berdindu Zerbitzuak, maiatzaren 17an eta urteko egun guztietan LGTBI pertsonen eta haien ingurukoen ondoan jarraituko du, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz. Gaur egun, oraindik ere beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzea. Gizarte osoaren erantzukizuna, diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.

Euskadi inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatzen dugu, aniztasuna aztergai dugun esparrutik ulertuta, baina baita bere osotasunean ere. Berdindun, indarrak batuko ditugu gizarte- eta erakunde-eragile guztiekin, gizarte justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzeko. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide