Emakumezkoen Euskal Ligako igoera faseko 6. jardunaldia jokatu zuten atzo, zapatua, Anaitasunako neskek, eta Elorriori 4-1 irabazi zioten Txerloian. Kanpoko taldea izan zen partidako lehen gola egin zuena, laugarren minutuan, baina Gorka Zubizarretaren neskak ez ziren burumakur gelditu zelaian, eta 8. minutuan heldu zen gorrixen lehen gola, Leire Uzinen eskutik.
Lehen goletik aurrera, erraz gailendu ziren azkoitiarrak zelaian, eta atsedenaldira 3-1 joan ziren bi taldeak. Izan ere, 14. minutuan Maria Juaristik bigarren gola egin zuen zelaian eta 24. minutuan hirugarrena. Atsedenaldiaren ostean ere eroso ibili ziren gorrixek zelaian, eta 64. minutuan heldu zen partidako laugarren eta azken gola, Lorearen eskutik.
Bi jardunaldi besterik ez dira falta igoera fasea amaitzeko, eta datorren partida Eibar B taldearen aurka jokatuko dute Anaitasunako neskek, kanpoan. Azken jardunaldia, berriz, Txerloian jokatuko dute sailkapeneko liderraren aurka, Athletic C-ren aurka, hain zuzen.
Bestalde, Xabi Artetxeren taldeak Hirugarren Mailako bigarren faseko 6. jardunaldia jokatuko du asteazkenean, hilak 19, Beasainen aurka, Txerloian.