Hilabete inguru igaro da Urola Erdiko Itaiak eskualdeko emakume langileen bizi eredua eta egoera aztertzeko inkesta abiatu zuenetik. Orain, lortutako emaitzak zein inkestetatik ateratako ondorioak plazaratzeko batzar informatiboa antolatu du antolakundeak. Datorren ostiralean, maiatzak 14, Azkoitiko Elkargunean egingo dute batzarra, 18:00etan hasita.
Besteak beste, etxeko lanak, denbora librea, dependentzia ekonomikoa eta oinarrizko beharrizanak aztertu ditu Itaiak. Lan mekartuari dagokionez, inkestako galdetegia erantzun duten emakumeen %70,8k zaintza lanak egin izan dituzte; era berean, %29,8ak garbitzaile lanak, %16,7ak zerbitzari lanak eta %2,4ak sukaldari lanak. Lan horien guztien %79,8 kontraturik gabeko lana izan dela azaldu dute inkestan parte hartu dutenek, eta gainera, %29,8ak lanaldi partzialak egin dituela adierazi du. Erantzuna eman dutenen %16,7ak du lanpostu finkoa, eta %20,2koa da lan kontratua duten emakumeen indizea.
Denbora librearen inguruan ere galdetu diete emakumeei, eta erantzun dutenen %70,8ak denbora librerik ez duela adierazi du. Etxeko lanen inguruan, bestalde, inkesta bete duten emakumeen %58,3ak etxeko lanak berak bakarrik egin behar izaten dituela nabarmendu du; soilik %25ak elkarbanatzen ditu etxeko lanak. Gainerakoek, berriz, beste norbaiti delegatzen dizkiote etxeko lanak. Dependentzia ekonomikoaren inguruan, inkestan parte hartu duten emakumeen %45,8ak azaldu du ez dela gai bere soldatarekin bakarrik bizirauteko. %37,5 bere soldatarekin soilik bizi da, eta %16,7 bizi da bere bikotekidearen soldataren dependentzian.