Anaitasunako mutilek beren eskuetan dute Bigarren B Mailarako kanporaketetara sailkatzea

Andoni Elduaien 2021ko mai. 10a, 09:00

Anaitasunak eta Vitoriak Txerloian jokatu zuten partidako irudia.

Larunbatean bana berdindu zuen Deusto taldearen aurka. Bigarren fasea amaitzeko jardunaldi baten faltan, Anaitasunak bere eskuetan du mailaz igotzeko kanporaketara sartzea.

Anaitasunako gizonezkoen lehen taldea denboraldi ezinhobea eta historikoa ari da egiten, baina oraindik ez du esan azken hitza; izan ere, Espainiako Bigarren B Mailara –datorren urtetik aurrera RFEF Bigarren Maila– igotzeko kanporaketetan sartzea esku-eskura du Xabier Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak. 

Herenegun, larunbata, bana berdindu zuen Anaitasunak kanporaketetara sartzeko borrokan ari den Deusto taldearen aurka, Deustoko (Bizkaia) Etxezuri futbol zelaian. Berdinketaren gola 90. minutuan egin zuen Anaitasunak, Markel Ilzarbe jokalari bergararraren eskutik. Hain zuzen ere, gol horri esker dute gorrixek beren eskuetan mailaz igotzeko kanporaketetan sartzea. 

Sei taldek osatutako multzoan ari da lehiatzen Anaitasuna, eta horietatik lehen biek lortuko dute igoeragatik borrokatzeko kanporaketak jokatzea. Une honetan Artetxeren taldea multzoko lehena da 40 punturekin. Azken jardunaldian gorrixek Beasainen aurka jokatuko dute Txerloian; hilaren 19an, 19:45ean jokatuko du Anaitasunak beasaindarren aurkakoa. Artetxeren taldeak galdu eta Santutxu taldeak irabazi egin beharko luke Anaitasuna kanporaketetatik kanpo gelditzeko; izan ere, elkarren aurkako golen aldea Anaitasunaren aldekoa da –3 eta 1 galdu zuen Anaitasunak Santutxun eta 5 eta 0 irabazi zuen Anaitasunak Txerloian– . Taldeak kanporaketetara sartzea lortzen badu, Vitoria, Urduliz edo Pasaia izango du aurkari.

Sailkapena, une honetan. Lehen bi sailkatuek lortuko dute kanporaketetara sailkatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide