Sare Herritarrak deituta, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen alde Euskal Herri osoko 650 mendi tontorretara igoerak egin dituzte gaur, zapatua. Azkoitian bi tontor hartu dituzte: Kakute eta Samiño. Ekimenarekin Sare Herritarrak Euskal Herriko biztanle kopurua kilometrotan egin nahi izan du, euskal presoen, iheslarien nahiz deportatuen etxerako bidea irudikatzeko.
Herritar ugarik egin du bat Azkoitiko Sare Herritarrak egindako deialdiarekin, eta bi tontorretara 09:30ean abiatu dira. Plazatik atera da Kakuteko gurutzera joan den taldea, eta Martirietako Epelde baserriko bidegurutzetik Samiñoko tontorrera abiatu diren lagunak. Behin tontorrera iritsita, argazkiak atera dituzte ekimenean parte hartu duten guztiek.
Joan zen urteko urrian zen Sare 650 tontorretara igoerak egitekoa, baina eguraldi txarra medio, atzeratu egin behar izan zuten data. Izan Bidea egitasmoaren barruan prestatu du Sarek gaur egin duen tontorren egitasmoa.