Iraurgi abesbatza entseatzen hasi da berriro, udazkeneko kontzertu bat prestatzeko

Nerea Uranga 2021ko mai. 4a, 09:30

Iraurgi abesbatza, iaz eskainitako emanaldi batean.

Entseguei berriro ekin diete Iraurgi abesbatzakoek. Urrirako kontzertu baterako kontratatu dute abesbatza, eta horri esker entseatzen hasteko aukera dute.

Iazko urritik entseatu gabe daude Azkoitiko Iraurgi abesbatzakoak. Aste honetan, ordea, berriro hasi dira entseguekin. Urrian Donostiako Kursaalean kontzertu bat eskaintzeko kontratatu dute Azkoitiko abesbatza, eta hori prestatzen hasteko baimenak lortu dituzte. Hala azaldu du Desire Odriozola Iraurgi abesbatzako presidenteak: "Kontzertu bat emateko enpresa baten kontratua du abesbatzak, eta horrek entseguekin hasteko aukera ematen dio. Entseatzeko baimena lortzeko, ordea, hainbat erakunderen baieztapen agiriak lortu eta bete behar izan ditugu".

Prestaketa saioak egiteko baimenak lortzeko prozesua orain dela hilabete inguru hasi zituen abesbatzak, eta behin kontzertua emateko enpresaren kontratua lortuta, Abesbatzen Federazioaren eta Azkoitiko Udalaren baimenak jaso ditu. Atzo egin zuten lehen entsegua Iraurgiko kideek Baztartxon duten egoitzan.

25 kide dira Iraurgi abesbatzan, eta egungo egoera kontuan hartuta, babes neurriak hartuta egingo dituzte entseguak, Odriozolaren arabera.

Iraurgi abesbatza Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko kidea da. Igandean, federazioak deituta Kontuz bai, ixilik ez lelo hartuta egindako Donostiako manifestopaketan ez ziren izan Iraurgiko kideak, "ezin izan genuelako joan", azaldu du Iraurgi abesbatzako presidenteak.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide