Intzidentzia tasa milako langatik jaitsi da Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 3a, 12:56

Joan berri den asteburuan aurrekoan baino kasu gutxiago zenbatu dituzte herrian. Gutxienez beste aste batez perimetralki itxita jarraitu beharko du Azkoitiak. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno testetan herriz herri hautemandako kasu positiboen txostena. Azkoitian hemeretzi kasu baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean egindako probetan –zazpi ostiralean, lau larunbatean eta zortzi atzo–. Gorabehera handiegirik ez badago ere, joan den astelehenean Osasun Sailak emandako positibo kopurua baino baxuagoa da gaur eman duena; izan ere, joan den astelehenean hogei positiboren berri eman zuen Jaurlaritzak.

Azken kasu positibo horien ondotik, Azkoitiko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak 75 puntu egin du behera. Egun 993,07koa da herriko tasa, eta gutxienez beste aste batez perimetralki itxita jarraitu beharko du Azkoitiak. 1.145 kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian joan den urteko martxoaz geroztik.

Urola Kosta eskualdean, berriz, 95 kasu positibo detektatu dituzte, joan den astelehenean Osasun Sailak emandako datua baino baxuagoa da gaur emandakoa; izan ere, joan den astelehenean 130 positibo jakinarazi zituzten. Duela bi astelehen, berriz, 190 kasu jakinarazi zituzten. Mantso bada ere, kasu positiboen agerraldiek behera egiten jarraitzen dute eskualdean.

Eskualdeko herriak banan-banan aztertuta, Zarautzen zenbatu dituzte kasu gehien azken hiru egunetan: 30 positibo guztira. Zazpi kasu hauteman zituzten ostiralean gauzatutako probetan, 11 larunbatean eta hamabi atzo. Intzidentzia tasak behera egin du zerbait han, eta egun 1.075,08koa da tasa. Zarautzen ondoren Azkoitian zenbatu dituzten kasu gehien, eta Azpeitian gero; izan ere, han hamabost positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak –zortzi ostiralean, hiru larunbatean eta lau atzo–. Eremu gorria uztetik gertuen dagoen eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herria da gaur-gaurkoz Azpeitia 505,91ko intzidentzia tasarekin, baina gutxienez beste astebetez perimetralki itxita jarraitu beharko dute han ere.

Zumaiak, bestalde, intzidentzia tasa altuarekin jarraitzen du. 1.119,37koa da tasa han, baina behera egin du ostiraletik; izan ere, hamar kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bost larunbatean eta bi atzo–. Orion, aldiz, zortzi kasu zenbatu ditu Osasun Sailak –hiruna ostiralean nahiz larunbatean eta bi atzo–. 848,01eko intzidentzia tasa dute Orion egun. Aian, berriz, bost positibo detektatu dituzte, lau ostiralean eta bat atzo; intzidentzia tasa 1.460,96koa da han. Zestoan, ostera, hiru kasu atzeman dituzte, bat larunbatean eta bi atzo, eta 539,29ko intzidentzia tasa du. Errezilen, Getarian eta Aizarnabazalen ere hauteman dituzte positiboak. Bina kasu baieztatu dituzte Errezilen eta Getarian –ostiraleko probetan hauteman zituzten bi herrietan kasuak– eta bat Aizarnazabalen. Hiru herriak eremu gorriaren barruan daude, baina Jaurlaritzak ez du sartu Errezil itxiera perimetrala duten herrien artean, astebetean lau positibo baino gutxiago izan baititu.

613 positibo Hegoaldean

Atzo, 9.854 test diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta 613 positibo hauteman zituzten. 38 Araban, 268 Bizkaian, 191 Gipuzkoan eta 107 Nafarroan. Hori horrela, %6,22koa da positibotasun tasa Hego Euskal Herrian. Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta haren arabera atzo "COVID-19aren ondorioz" 45 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan. 520 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta, eta 195 pertsonak zainketa bereziak behar dituzte. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,89koa da

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide