Datorren ostegunetik igandera bitartean, salmonidoen euli-arrantza modalitateko Espainiako Erkidegoen Arteko Arrantza Txapelketa jokatuko dute 18 urtez azpiko arrantzaleek Caceresko Gargantas de la Veran (Extremadura, Espainia). Han parte hartzeko, Azkoitiko Orion ehiza eta arrantza elkarteko bi arrantzale hautatu ditu Euskadiko selekzioak: Aimar Ansola eta Joanes Davila. Txapelketa horrek 2022an jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatzeko balioko du.
Davilarentzako ez da esperientzia berria Espainiako txapelketan aritzea; izan ere, 2019an, parte hartu zuen aurrenekoz, eta hirugarren egin zuen.
Orion elkarteko arrantzale gazteak emaitza bikainak lortzen ari dira aurtengo sasoian. Hain zuzen ere, salmonidoen Euskadiko arrantza txapelketan aurreneko hiru postuak lortu zituzten Azkoitikoek; Aimar Ansolak garaipena lortu zuen eta Joanes Davilak hirugarren egin zuen. BIgarren postua, berriz, Joanes Karrerak eskuratu zuen.