Intzidentzia tasak beheranzko bidea hartu du Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko api. 30a, 13:03

Apirilaren 22an jo zuen goia intzidentzia tasak Azkoitian 1.410,33ko tasarekin. Harrezkero, kasu positibo ugari zenbatu dituzte herrian, baina tasa metatuak behera egin du etenik gabe. Egun, gertu du milako langatik jaistea. Gutxienez beste aste bat egingo du herriak eremu gorriaren barruan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman du atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen berri. Azkoitian atzo beste hamar positibo baieztatu zituzten. Hori horrela, joan den ostiraletik atzora bitartean 59 kasu detektatu ditu Osasun Sailak Azkoitian, aurreko astean zenbatutako kopuru berdina, hain zuzen.

Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak edo intzidentzia tasak Azkoitian goia jo duela dirudi grafikoari erreparatuta; izan ere, beheranzko bidea hartu du azken egunetan. 1.401,99koa zen intzidentzia tasa joan den ostiralean, eta gaur-gaurkoz 1.068,18koa da zenbatekoa. Ia-ia 400 puntu egin du behera zazpi egunetan. Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean eguneratuko du eremu gorrian dauden herrien zerrenda, eta ezusterik ezean, Azkoitiak beste astebete jarraitu beharko du perimetralki itxita.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 51 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak. Azken egunetako joerari eutsiz, Zarautzen detektatu dituzte positibo gehien: hamasei guztira. Hori horrela, 1.293,53ko intzidentzia tasa dute han; izan ere, astebean 135 kasu detektatu dituzte han.

Zarautzen ostean Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehien, eta haren atzetik Zumaian. Bederatzi positiboren berri eman du Osasun Sailak, eta gainera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena dute han. 1.302,53ko kasu metatuen tasa dute Zumaian azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko; izan ere, 62 positibo jakinarazi ditu astebean Osasun Sailak.

Orion ere positiboek gora egin dute herenegundik. Zazpi kasu atzeman zituzten atzo egindako PCR eta antigeno testetan. 962,17koa da intzidentzia tasa han, astebetan hogei kasu zenbatu eta gero. Azpeitian, berriz, lau kasu hauteman dituzte, eta 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa baxuena du, 519,05eko tasarekin; 33 positibo izan dira joan den ostiraletik Azpeitian. Astelehenera arte itxaron beharko dute han eremu gorritik irteten diren edo ez jakiteko.

Zestoan, Aizarnazabalen eta Getarian ere detektatu zituzten atzo positiboak. Zestoan hiru baieztatu zituzten –hamabi astebetean–, eta bana Aizarnazabalen eta Getarian –zortzi eta bederatzi kasu astebetean, hurrenez hurren– . Hiru herriak eremu gorrian daude, eta baita Aia ere. Han atzo ez zuten positiborik hauteman, baina hamar kasu zenbatu dituzte joan den ostiralaz geroztik. 

Milako langaren azpitik

Atzo, 13.601 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira 952 kasu positibo zenbatu zituzten: 83 Araban, 368 Bizkaian, 349 Gipuzkoan eta 144 kasu Nafarroan. Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %6,9koa izan zen atzo.

Ospitaleen egoera dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du atzo 96 pertsona ospitaleratu zituztela "COVID-19aren ondorioz". Era berean, 189 pertsona daude gaur-gaurkoz Zainketa Intentsiboen Unitatean edo ZIUn. Osakidetzako erietxeetan 520 pertsona daude egun ospitaleratuta. Bestalde, gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea behera egiten ari da, eta egun 0,94an dago.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide