Azkoitiko Udaleko langileen ordainsaria %0,9 igotzea onartu zuten atzo, asteazkena, apirileko udalbatzarrean. EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin onartu zen soldata igoera, eta aurten ezarriko dute. Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak eman zituen igoeraren gaineko xehetasunak: "Soldatak igotzeko erabakia 2021eko ekitaldiko aurrekontu orokorrek onartzen dituzten irizpideak aintzat hartuta eta EUDEL nahiz Eusko Jaurlaritzaren gomendioak eta onarpena kontuan izanda hartu da".
Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko ordezkaria izan zen hitza hartu zuen zinegotzi bakarra: "Gehienezko igoera %0,9a dela jakinik, eta langileek nahiz sindikatuek bestelakorik esan ez dutenez, proposamenaren alde bozkatuko dugu". Azkoitiak hari erantzunez adierazi zuenez, langileen batzordearekin hitz egin dute igoeraren inguruan, eta ez da erabakiaren kontrako iritzirik izan.