Langile publikoen kontratazioan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzen dela iritzita, horren aurka egiteko grebara deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langile publikoak biharko. ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, eta grebaren bidez negoziazio kolektiboa indartu dadila nahi dute, "Jaurlaritzatik hasi eta herri txikieneko udaleraino".
Urola Kostan, Zestoan deitu dute elkarretaratzea sindikatuek, 12:00etan. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da mobilizaziorik izango, eta Donostian egingo da Gipuzkoako manifestazio nagusia, 11:30ean Bulebarretik hasita.
Sindikatuek, besteak beste, salatu dute grebaren deialdia argitaratu zenetik instituzioek ez dutela "negoziaziorako borondaterik erakutsi", eta euskal sektore publikoko behin-behinekotasun maila "guztiz onartezina" dela iritzi diote. "Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik altuena daukagu eta guztiz orokortuta dago esparru guztietan", adierazi dute. Gaineratu dute horren atzean instituzioen "zerbitzu pubikoak pribatizatzeko eta horiekin negozioa egiteko" asmoa dagoela.
Sindikatuek langile publiko guztiak animatu nahi izan dituzte biharko greba deialdiarekin bat egin dezaten, "herri honetako ia 60.000 langile publikok beren behin-behineko enplegua kontsolidatu dezaten".