Lehen laurden eskasa (18-27) jokatu zuen atzo Andoni Lazkanok zuzentzen duen Azkoitia-Azpeitia ISB taldeak. Baina, bigarren laurdenean, bestelako joko bat erakutsiz aise hartu zuen mendean Adereva Tenerife taldea, 93-67 irabazita. Atsedenaldian 46-35 aurretik ziren etxekoak. Hirugarren laurdenean ere nagusitasunari eutsi zion Azkoitia-Azpeitia ISBk; 23 eta 18 izan zen laurden horretako partziala. Garaipena bideratuta zutela, azken laurdenean ere aurretik ibili ziren ISBko neskak.
Atzoko garaipenarekin bere multzoko sailkapenaren bosgarren tokian da Azkoitia-Azpeitia ISB.
Datorren larunbatean jokatuko du ligako azken neurketa Azkoitia-Azpeitia ISBk, Galdakaon (Bizkaia) Ibaizabalen kontra. Jardunaldi horretako emaitzen arabera erabakiko da Liga Endesarako igoera fasea jokatzeko aukera duten. Hori lortzeko ISBk Ibaizabali irabazi beharra dauka, eta Extremadura Plasenciak Magectiasen aurka galdu beharko luke. Dena den, Lazkanok zuzentzen duen taldeak datorren denboraldirako sortuko duten LF2 Pro ligan jokatzeko txartela lortuta du dagoeneko. Egun, 42 talde ari dira jokatzen LF2 liga, eta horietatik hamasei onenek izango dute aukera LF2 Pro ligan lehiatzeko.
Juaristi ISB, lehen postuari eutsiz
Iraurgiko gizonen talde nagusiak ere garaipena lortu zuen atzo, etxetik kanpo Madrid Zentro Basketen kontra 80-82 irabazita. Zilarrezko LEB ligako bere multzoko sailkapenean buru jarraitzen du Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak; dagoeneko, hemezortzigarren neurketa irabazi ditu.
Lehen fasea bukatzeko lau partida gelditzen zaizkio Juaristi ISBri, eta horietatik hiru etxean jokatuko ditu. Datorren igandean, martxoaren 28an, Moron taldearen kontra jokatuko du Azpeitiko kiroldegian. Apirilaren 4an, berriz, Cantabriaren aurka ariko da etxean.