Iazko Gaztedi xake txapelketaren finala jokatuko dute martxoaren 28an, igandean, 10:00etan hasita, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Pandemiaren eraginez, Kutxa Fundazioak antolatzen duen txapelketaren iazko neurketak atzeratu egin behar izan zituzten, eta finala orain jokatu beharko dute. Gipuzkoako Xake Federazioak eta Anaitasuna-Kakute xake taldeak antolatuko dute finaleko jardunaldia, "osasun neurri zorrotzak" hartuta. "Asier Plazaolak eta Judith Goenagak osatutako protokoloa beteko da, eta koronabirusaren hedapena saihesteko osasun neurriak zuzen eta hestu bete araziko ditugu xake txapelketaren finalean", adierazi du Anaitasuna-Kakute xake taldeak. Hala, txapelketa ikuslerik gabe izango da.
Zortzi taldek parte hartuko dute finalean, bi kategoritan banatuta. Finala jokatuko duen Anaitasuna-Kakute taldea honako xakelariek osatuko dute: Markel Vesga, Cristian Cretu, Denis Valor, Aner Alonso, Lucia Valor eta Aritz Soraluze. Azkoitiko taldearen delegatuak, berriz, Anibal Fernandez eta Juan Carlos Valor izango dira.