Larunbat goiza, lanera joateko presarik gabe. Goizean goiz, 07:30ean, seme-alabek esnatu naute, telebista pizteko eskatuz. Egongelara bideratu naiz, eta ETB3 aukeratu dut lehenbizi, askotan ohi dudanez, euskarazko edukiak lehenetsiz. Nire semeak "ez ba! Berriz ere Doraemon!". Doraemon orain dela 35 urte nik ikusten nuen, eta jada zaharkituak zeuden marrazki bizidunen taldean katalogatua neukan. Erreakzioa: "Aitatxo, hori ez dut nahi. Utziko mugikorra?". Ondorioa; marrazkiak gaztelaniaz ikusiko dituzte, sakelakoan ala telebistan. Zoritxarrez, etxe gehienetan ohitura bihurtzen ari den egoera, bihozmina sortzen didana.
Gu txikiak ginenean, kontsumitzen genuenaren gehiengoa euskaraz zen, euskarazko erreferentziak genituen, azken joerak euskaraz bizitzeko aukera genuen. Zoritxarrez, uste dut ez naizela egun egoera berdinean ez gaudela sentitzen duen bakarra. Gure seme-alaba eta gazteek euskaraz ez kontsumitzeak barneko tristezia eragiten dit, eta nire barnean zerbaitek esaten dit ondo ez garela ari, harik eta gazteek euskarazko eduki gehiago kontsumitzea lortzen ez dugun bitartean. Nahikoa al da gazteek eskuragarri duten euskarazko edukia? Eguneratua, erabilgarria eta erakargarria al da beraientzat?
Ez da ataza erraza esku artera iritsi zaiguna, baina argi dago etorkizuna gazteak direla eta beraien kontsumo ohiturak aldatu egin direla; beraz, ez litzateke zentzuzkoa izango eguneraketa bat planteatzea? Zein izan daitezke gazteek euskaraz ez kontsumitzearen arrazoi eta, batik bat, ondorioak? Gero, urte batzuk barru, egun batetik bestera edukiak euskaraz ikusten hasiko direlakoan gaude? Badirudi arazoak duen garrantziaz jabetzetik urrun gaudela. Nik neuk, euskaraz kontsumitzen ez badugu, ondorio berreskuraezinak sor daitezken sentipena daukat. Joxean Artzek zioen bezala, dakigunok erabili ezean... Eta, horri loturik, beste hausnarketa bat: euskaldunok geure artean euskaraz jarduteari garrantzi gehiago ez genioke eman behar? Zenbat aldiz bizi izan dugu umeekin euskaraz ari eta heldu batengana zuzentzean automatikoki gaztelaniaz egitea? Jakinda, gainera, euskaraz badakiela? Zein da geu ere gazteei helarazten ari garen eredua?
Berriro ikus-entzunezkoetara bueltatuz, nik uste errealitate aldaketa dagoeneko mahai gainean dugula, kontuan izanik, gainera, Internet eta tresna digitalek sorrarazi dituzten kontsumo ohiturak. Dagoeneko 2 edo 3 urteko umeek youtube bezalako hitzak oso ezagun dituzte egunerokotasunean, eta helduoi dagokigu hausnarketa egin eta dagokion garrantzia aitortzea, euskarazko edukiak eskuragarri izan ditzaten, beraientzat erakargarriak. Bada garaia, beraz, belaunaldi aldaketaren ohitura digitalak onartu eta gazteen interesetan sakontzen hasteko, alferrik izango baita ura joan eta gero presa egitea.
Gazteen arteko euskararen egunerokotasuneko erabilera sustatu nahi bada, ezinbestekoa da gure hizkuntza erabilgarria dela sentitu dezaten; baina erabilgarria beraientzat, ez eskoletan idazteko bakarrik, baizik eta hain kuttunak dituzten gailu, sare sozial eta abarretan ere. Hau da beraien benetako eguneroko interesa, belaunaldi berrien iturria. Izan ere, euskararen garra bizirik eta indarrez mantentzea nahi bada, kalitatezko egurrez hornitu beharko, ez?
Guzti honek ikuspegi aldaketa bat eskatuko du ziur aski, edukiak gazteen ikuspegitik sortuz. Kosta egiten zaigu belaunaldi berrien ikuspegia barneratzea, baina ezinbestekotzat joko nuke, beraientzat erakargarria izan behar badu. Sekula ez da ogirik egin neke gabe, eta honek ere lan eta inbertsio handia eskatuko digu seguruenik.
Berria egunkariak argitaratutako iritzi artikulua. Irakurri osorik.