Hamabost egunez AstraZeneca txertorik ez jartzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Eta erabakia hartu eta berehala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osakidetzari agindu dio AstraZeneca txertoa jartzeari uzteko. Prebentzioz hartu du erabakia Madrilek, nahi gabeko zenbait ondorio eragiten dituelakoan. Alemaniak, Italiak eta Frantziak ere gaur hartu dute behin-behinean txerto hori erabiltzeari uzteko erabakia, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) txertoaren nahi gabeko ondorioei buruzko txostena aurkeztu arte. Txosten hori bihar aurkeztuko du. Danimarkak, Norvegiak, Herbehereek eta Islandiak iragan astean utzi zioten txerto hori erabiltzeari; eta atzo, Irlandak ere erabaki bera hartu zuen.
Europan txertoa jarri duten bost milioi pazienteen artean, 30 bat tronbosi kasu atzeman dituzte, EMAren arabera. Zehaztu dute txertoa jarri dutenen artean tronbosi kasuen tasa ez dela "populazio osoan baino handiagoa". Halere, gertatutakoa "zehatz-mehatz" aztertzeko beharra azpimarratu dute.
Orain arte, AstraZeneca txertoa izan da 55 urtetik behera dituzten eta azken hilabeteetan COVID-19a pasatu ez duten herritarrei gehienei jartzen aritu direna. Koronabirusaren kontra lehen lerroan lanean jardun diren herritar gehienak txertatuta, Eusko Jaurlaritza joan den astean hasi zen lan arloko beste hainbat sektoretako langileen txertaketarekin. Langile kolektibo horien artean daude, besteak beste, unibertsitatetik kanpoko hezkuntza arloko langileak: alegia, irakasleak; sukalde, garbiketa eta garraio zerbitzuetako langileak; eta atezaintzan edo administrazioan aritzen direnak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 35.000 behargin inguru dira sektore horietan, eta AstraZeneca txertoa jasotzekoak ziren. Horietako hainbatek lehen dosia joan den astean hartu zuten.