Erniarraitz bertsozale elkarteak bertso saio bat antolatu du Bertso Urtie egitasmoaren barruan. Zestoan izango da egitasmo horren barruan antolatu duten laugarren ekitaldia martxoaren 28an, igandez, eta hain zuzen ere, punta-puntako bertsolariak ariko dira kantuan.
17:00etan hasita, Zestoako kiroldegiko agertokian izango dira Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon Maia, Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga. Gai jartzaile lanak, berriz, Uxune Areizagak egingo ditu.
Saiorako sarrerak aurrez erosi ahal izango dira hamar euroren trukean, Zestoako Turismo Bulegoan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean eta Azkoitiko Elurre okindegian.
Bertso Urtie bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko helburuarekin jarri zuen martxan Erniarraitzek, eta Zestoakoa laugarren hitzordua izango da. Lehen saioa Azkoitian egin zuten azaroan, bigarrena Azpeitian –Txapelen omenezko saioa– eta urtarrilaren bukaeran Bertso Jasa ekitaldia izan zen Errezilen.