Datorren larunbatean, martxoak 20, Frontona ikuskizuna eskainiko dute 19:00etan, Gurea pilotalekuan. Gainera, gaur jarri dituzte ikuskizunerako sarrerak salgai Entradium plataforman; 5 euroan eskuratu daitezke. Iñaki Urruzolaren zuzendaritzapean, Arteola taldeak ekoitzi duen lehen obra da Frontona. Euskal kulturaren "erdigune izaera" aldarrikatu nahi dute ikuskizunarekin; izan ere, balio pedagogiko handia duen egitasmoa jarri dute martxan. Ikusleak abiapuntu izanik, obaren helburua da Euskal Herriko kulturaren ezagutza areagotzea.
Antzerkiaren teoria desberdinak txertatuko ditu Frontona ikuskizunak, baina oinarria pilotalekuan antzeztutako ohiko pilota partida izango da. Guztira bost antzezlek parte hartuko dute ikuskizunean. Batetik, bi neska ariko dira kantxan antzeztutako pilota partida jokatzen. Bestetik, kontrakantxan elkartuko dira festarako elementu ugari: artekaria, epailea, garbitzailea, esatariak... Ikusmin handiena sortuko duen gune bizia izango da hori, etengabeko hartuemanean egongo baitira publikoarekin.
Hori horrela, antzezlana interaktiboa izango da; izan ere, ikuskizuna ikustera joaten diren ikusleak bi multzotan banatuko dituzte: gorriak eta urdinak. Kantxako pilotariek jokatutako tanto bakoitzeko, harmailetako bi taldeei euskal kulturari buruzko galdera bat egingo diete, eta 22ra iritsi ahal izateko, ikusleak behartuta egongo dira zuzen erantzutera.