Azkoitiko Udalak maiatzera bitartean Baztartxo antzokian izango diren kultur ekintzen berri eman du. Martxoan, apirilean eta maiatzean bina ekitaldi izango dira. Frontona ikuskizuna, Julen Alonsoren eta UR musika taldearen kontzertuak, Fadoak entzuten zituen gizona antzerkia, Irabazi antzerkia eta Comikazes monologo ikuskizuna ikusi ahal izango dira Baztartxo antzokian.
Martxoa
Martxoaren 20an, Frontona ikuskizuna zuzenean ikusteko aukera izango da Gurea pilotalekuan. 19:00etan hasita, ohiko pilota partida bat antzeztuko dute frontoian. Batetik, bi neska gazte ariko dira kantxan antzeztutako pilota partida jokatzen, eta bestetik, kontrakantxan festarako elementu ugari elkartuko dira: artekaria, epailea, garbitzailea, esatariak... Antzezlana interaktiboa izango da; izan ere, ikusleak bi taldetan banatuko dituzte: gorriak eta urdinak. Horrela, kantxako pilotariek jokatutako tanto bakoitzeko harmailetako bi taldeei euskal kulturari buruzko galdera bat egingo diete, eta 22ra iritsi ahal izateko, ikusleak behartuta egongo dira zuzen erantzutera. Ikuskizunerako sarrerak ostegunean, martxoak 11, jarriko dituzte saltzen Entradium plataforman, 5 euroan.
Martxoaren 27an, berriz, Julen Alonso musikariak Sutan dantzan diskoa aurkeztuko du Baztartxo antzokian. Gaztetasunaren ilusiotik eta barru-barruko goxotasunetik ateratako abestiez osatutako diskoa da Alonsoren Sutan dantzan. Oriotarrak berak sortua, idatzia, konpondua eta promozionatua. Kontzertuan alboan izango du Eneritz Aulestia, baita Oinkari dantza taldea ere, musika eta dantza uztartuko baitituzte Azkoitiko emanaldian. Kontzerturako sarrerak martxoaren 18tik aurrera eskuratu ahalko dira Entradiumen, 10 euroren truke.
Apirila
Apirilean, berriz, kontzertu bat antzezlan bat ikusi ahalko dira Baztartxo antzokian. Apirilaren 17an, 19:00etan, UR musika taldeak kontzertua eskainiko du antzokian. Musikaren munduan ibilbide luzea du Urtzi Azkue (Leioa, Bizkaia, 1977) Azkoitiko bizilagunak, eta UR taldea sortu berri du David Gorospe zarauztarrarekin eta Andre Canto e Mello brasildarrarekin batera. Kaleratu berri duten Baleak lehen lan luzea aurkeztuko dute Baztartxon. Kontzerturako sarrerak apirilaren 8an jarriko dituzte salgai Entradium plataforman, 5 euroan.
Apirilaren 24an, bestalde, Irabazi antzezlana eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:00etan. Txalo Produkzioaken lana ekarriko du Jon Plazaola aktoreak Azkoitira, eta irabaztearen eta parte hartzearen inguruko gogoeta egingo du. Plazaola inoiz ezer irabazi ez duen Felixen paperean murgilduko da, baina antzokian sari bat jasoko du. Antzerkirako sarrerak apirilaren 15etik aurrera erosi ahalko dira Entradiumen, 8 euroren truke.
Maiatza
Maiatzean, ostera, antzerkia eta monologo ikuskizuna ikusteko aukera egongo da Baztartxo antzokian. Maiatzaren 8an, Xake Produkzioaken Fadoak entzuten zituen gizona antzerkia taularatuko dute Azkoitian. Ander Huelvako (Andaluzia, Espainia) Ayamonte herrian antolatzen den fado lehiaketa amateur batera joango da, bertan parte hartzeko asmoz. Autostopean ari dela, Mariok jasoko du bere kamioian. Kasualitateak kasualitate, Anderrek eta Mariok lehenagotik ezagutzen dute elkar, baina urteak dira ez dutela elkarren berri izan. Berezia izango da elkarrekin egingo duten bidaia, batez ere, Masku izeneko pertsonai misteriotsuak baldintzatuko duelako. Antzerkirako sarrerak apirilaren 29an jarriko dituzte salgai Entradiumen, 8 euroan.
Maiatzaren 22, azkenik, Comikazes gaztelerazko monologo ikuskizuna eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:00etan. Comikazes taldea Iñaki Urrutiak, Juan Solok, Alfredo Diazek eta Flipyk osatzen dute. Ikuskizunak emanaldi bakarrean biltzen ditu sei umoregileak. Inozotasuna, burugabekeria, ziurgabetasuna, lotsagabekeria eta publikoarekin elkarreragin handia izatea da taldearen asmoa. Monologo ikuskizunerako sarrerak maiatzaren 13an jarriko dituzte salgai Entradiumen, 10 euroan.