Datorren larunbatean, martxoak 20, Frontona ikuskizuna eskainiko dute 19:00etan, Gurea pilotalekuan. Iñaki Urruzolaren zuzendaritzapean, Arteola taldeak ekoitzi duen lehen obra da Frontona. Ohiko pilota partida bat antzeztuko dute Gurea pilotalekuan. Batetik, bi neska ariko dira kantxan antzeztutako pilota partida jokatzen. Bestetik, kontrakantxan elkartuko dira festarako elementu ugari: artekaria, epailea, garbitzailea, esatariak... Gune hori izango da biziena, etengabeko hartuemanean egongo baitira publikoarekin.
Antzezlana interaktiboa izango da; izan ere, ikusleak bi multzotan banatuko dituzte: gorriak eta urdinak. Horrela, kantxako pilotariek jokatutako tanto bakoitzeko bi taldeei euskal kulturari buruzko galdera bat egingo diete, eta 22ra iritsi ahal izateko, ikusleak behartuta egongo dira zuzen erantzutera.
Ikuskizunerako sarreren zozketan parte hartzeko, bazkideek beren izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dituzte maxixatzen@maxixatzen.eus posta elektronikora idatzita. Parte hartzeko azken eguna martxoak 17, asteazkena, izango da. Irabazleen izenak hurrengo egunean, martxoak 18 jakinaraziko ditu Maxixatzenek webgunean.