Udaltzaingoak gaurtik, osteguna, aurrera bulego eta arreta puntua berri izango ditu. Hain zuzen ere, Torrezurin, herriko plazan, izango dute udaltzainek egoitza berria. "Udaletxeko instalazioak txiki geratzen ari direnez, aldaketa batzuk egin dira herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz", azaldu du Azkoitiko Udalak.
Orain arte, Udaltzaingoak Herritarren Arreta Bulegoarekin partekatu du udaletxeko beheko solairua. Baina, udalaren arabera, "espazioaren urritasunak ez du erosotasunez lan egiteko aukerarik ematen, ezta herritarrei arreta behar adinako pribatutasunez eskaintzeko ere". Kontu horri irtenbidea emateko, aurrena Torrezuri eta Kale Nagusiko 58 zenbakiaren arteko lokala alokatu zuen Azkoitiko Udalak. Alokatutako lokal horretan erakusketa areto berria zabaltzea erabaki dute. Era horretan, Torrezuri libre gelditu da eta gaurtik Udaltzaingoaren bulego berria izango da.
Zerbitzuen berrantolaketa espazio faltarengatik egin da batetik, eta bestetik, udala lanean ari delako Herritarren Arreta Zerbitzua "hobetzeko" eta horrek ere beste kontu batzuk eskatzen dituelako. "Gure nahia da arreta zerbitzua birplanteatzea, integratua izan dadin, kalitatearen mesedetan. Horretarako, espazioak oinarrizko elementuak dira", adierazi du Ana Azkoitia zinegotziak.
Azkoitiko Udal Gizarte Zerbitzuetako sailak erabiltzen dituen bulegoetan ere hobekuntza batzuk egin ditu; esaterako, sailaren bulegoetarako sarrera aldatu dute, bertaratzen diren pertsonentzako erosoago izateko.