Bi urte inguru igaro dira Urola Kostako tokiko hedabideek bat egin zutenetik. Karkarak, Baleikek, Uztarriak, Maxixatzenek, Erlo Telebistak, Zarauzko Hitzak eta Urola Kostako Hitzak, Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen dute orain, eta irakurleek hedabide bakoitzaren proiektuaren inguruan duten iritzia ezagutu nahi dugu.
Maxixatzenek herritarren atxikimendua behar du proiektua mantentzeko. Horregatik, bazkideen eta irakurleen iritzia garrantzitsua da guretzat. Hala, etorkizuneko komunikazio eskaintza zehazteko eta proiektua finkatzeko, ezinbestekoa zaigu irakurleok dituzuen kontsumo ereduak (papera, telebista, webguneak) zeintzuk diren, lantzen ditugun gaiekiko zer interes duzuen, landutako gaiei emandako tratamenduaz zer iritzi duzuen, aldizkarien banaketa zer iruditzen zaizuen eta abar jakitea.
Maxixatzenen bazkideek mezu bana jasoko dute, posta elektronikoz, galdetegi bat betetzeko eskatuz, eta atari digitaleko nahiz sare sozialetako jarraitzaileei ere gauza bera egiteko eskatu nahi diegu.
Eskerrik asko!