Kaitoren eta Arroitajauregitarren bideo eta argazki ondarea ikusgai jarri du udalak bere webgunean

Andoni Elduaien 2021ko ots. 11a, 16:20

Webgunean Kaitoren eta Arroitajauregitarren ehunka bideo eta argazki ikus daitezke.

Azkoitiko Udalak ikusgai jarri ditu bere webguneko Garai bateko Azkoitia atalean Nicolas Oteiza Kaito zenaren eta Daniel eta bere seme Josu Arroitajauregiren bideo eta argazki ondareak. Bideoen eta argazkien bitartez garai bateko Azkoitia nolakoa zen ikus daiteke. Ikusteko soilik ez, bideoak jaitsi ere egin daitezkeela azaldu du udalak.

Ez dago garai bateko Azkoitia "hain ondo islatzen duen altxorrik edo oroitzapenik", udalak azaldu duenez. "Azkoitia eta azkoitiarrak zer eta nolakoak izan diren ondo baino hobeto ilustratzen dute haien bideo eta argazkiek. Horregatik, udalak herritarren esku utzi nahi izan du ondare hori, denek partekatu ahal izateko".

Atal berriak, batetik, Nicolas Oteiza Kaito azpeitiarrak 1986tik 2007ra bitartean grabatu eta Kaito Telebistak botatako 1.897 bideo jasotzen ditu, eta bestetik, Daniel eta Josu Arroitajauregik 1950etik 1975era ateratako argazkiak. Oraingoz, 1950etik 1968ra bitartean ateratako ezkontzetako argazkiak aurki daitezke, baina udalak jakinarazi du atala "osatzen" joango direla beste argazki erreportaje batzuekin. Garai bateko Azkoitia atalak bilaketa sistema du. Horrela, erabiltzaileak nahi duen edukia aurkitu dezake hitzen, gaien edota urtearen arabera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide