Hiru kasu positibo atzeman zituzten atzoko probetan Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko ots. 10a, 13:24

Herriko intzidentzia tasa berdin mantendu da hiru kasu atzemanda ere. Hego Euskal Herrian mila positibotik behera jarraitzen dute kasuek.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du pandemiaren inguruko eguneroko txostena. Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azkoitian hiru kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo egindako probetan. Azkoitia eremu laranjan sartuta dago azken asteetan, eta intzidentzia tasak ez du gorabeherarik izan atzoz geroztik; 325,46an mantendu da hiru kasu positibo atzemanda.

Urola Kosta eskualdean 21 kasu positibo gehiago baieztatu zituzten atzo, asteartea, egindako PCR eta antigeno probetan. Herenegun egindako probetan baino 11 kasu positibo gehiago atzeman dituzte, beraz, atzo egindako probetan.

Kasuen gehiengoa Zarautzen zenbatu zuten; izan ere, zortzi kasu positibo hauteman zituzten han. Pixkanaka-pixkanaka Zarauzko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa goraka doa, 346,94an kokatu baita azken positiboekin.

Zarautzen ondoren, Zumaia da kasu positibo gehien zenbatu dituzten eskualdeko bigarren herria. Lau kasu berri detektatuta, 366,34 da Zumaiako intzidentzia tasa. Lau kasu gehiago zenbatuta ere, intzidentzia tasa berdin mantendu da Zumaian atzoz geroztik.

Azkoitian bezala Azpeitian ere hiru kasu positibo hauteman zituzten atzoko probetan. Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du, eta intzidentzia tasak gora egin du zertxobait atzotik. 808,15ekoa zen zenbatekoa atzo Azpeitian, eta gaur 814, 72koa da. 

Azpeitia bezala, Orio da eremu gorrian sartuta dagoen eskualdeko beste herria. Atzo, bi kasu positibo zenbatu zituzten, eta intzidentzia tasa 1.043,71n kokatu da. 1.255,7ko tasa zuen atzo Oriok, beraz, behera egin du atzotik. Zestoan, aldiz, kasu positibo bakarra baieztatu zuten atzo, eta intzidentzia tasa 487,93an dago gaur-gaurkoz. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez zuten kasu positiborik zenbatu atzo. 

Beheranzko joera

Hego Euskal Herrian kasu positiboak apaltzen hasita daude, baina halere herengun baino kasu gehiago zenbatu zituzten atzoko probetan, guztira 835 kasu positibo zenbatu baitzituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.437 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 748 kasu positibo atzeman zituzten. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamahiru pertsonak ere eman zuten positibo. Positibotasun tasa, beraz, %5,5ekoa izan zen atzo. Nafarroan, aldiz, 87 positibo zenbatu zituzten atzo egun osoan zehar egindako 3.042 probetan. Positibotasun tasa %2,9koa izan zen atzo han.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 547 pertsona daude gaur-gaurkoz erietxeren batean ospitaleratuta, horietatik 165 Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) –aurreko eguenan baino zortzi gehiago–. Atzo, gainera, 99 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldetako erietxeetan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, berriz, 0,85ekoa da hiru lurraldeetan. Gainera, azken astean, 99 pertsona hil dira koronabirusari lotuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez; hirugarren olatuan astebetean hil den pertsona kopuru handiena izan da azken astekoa. Ostegunero bezala, Eusko Jaurlaritzak bihar gainbegiratuko ditu berriro herriz herrikako intzidentzia tasak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide