Nabarmen gutxitu dira positibo berriak, eta 400dik beherakoa da Azkoitiko intzidentzia tasa

Aitziber Arzallus 2021ko ots. 5a, 13:34

Atzo positibo bakarra baieztatu zuten herrian, eta koska bat behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 367,19koa da gaur; 442,29koa zen joan den ostiralean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, atzo positibo bakarra baieztatu zuten Azkoitian, eta koska bat behera egin du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 367,19koa da gaur; 442,29koa zen joan den ostiralean. Aste guztiko datuei erreparatuta ere, nabarmen egin du behera atzemandako positiboen kopuruak: aste honetan hamabi zenbatu dituzte, eta joan den astean 32 izan ziren.

Eskualdean, berriz, guztira hogei positibo zenbatu zituzten atzo, eta 185 izan dira aste guztian. Eremu gorrian daude Azpeitia eta Orio, eta Aian ere eremu gorriko herrietako murrizketak indarrean dituzte. Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, berriz, eremu laranjan daude; eta gainontzeko herriak ez dira koloreen eskeman sartzen, 5.000 biztanletik behera dituztelako.

Barrualdeko herriei dagokienean, Azpeitian atzeman dituzte positiborik gehien: atzo bost eta 60 aste guztian. Ondorioz, 1.116,95koa da intzidentzia tasa han; joan den ostiralean 1.254,93koa zen. Zestoan positibo bakarra atzeman zuten atzo, 11 izan dira aste guztian, eta 950,18koa da tasa. Dena dela, 5.000 biztnaletik beherako herria denez, ez da Jaurlaritzaren koloreen eskeman sartzen, eta osasun eremuko intzidentzia tasa 500dik beherakoa denez, gaurtik ostalaritza jarduerak zabaltzeko eta taldean kirola egiteko baimena dute zestoarrek. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute positiborik izan aste guztian.

Positibo kopuruak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian mila kasutik gora hauteman dituzte beste egun batez. Osakidetzak 921 kasuren berri eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 15.486 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa %5,9koa izan zen hiru lurraldetan. Araban 151 positibo izan zituzten, 479 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten. 95 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, kezkagarriagoa dena, 162 pertsona daude Osakidetzako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino sei gehiago.

Nafarroan, aldiz, 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 3.248 proba diagnostiko egin dituzte –bezperan baino 576 gutxiago–, eta horietatik %6,9 positibo izan dira.

Kostan ere gorabeheratsua da egoera. Orion dute egoerarik kezkagarriena. Bost positibo zenbatu zituzten atzo, 26 izan dira aste guztian, eta eskualdeko intzidentzia tasarik altuena du: 1.272,02koa da. Zarautzen lasaiagoa da egoera, baina bilakaera ez da ona, eremu laranjan sartu baita herria eta gorantz ari baita intzidentzia tasa. Atzo bost positibo baieztatu zituzten han, 42 izan dira aste guztian, eta 316,96koa da tasa. Zumaian, berriz, positibo bat atzeman zuten atzo, 27 aste guztian, eta 447,75eko tasa du. Aian bi positibo zenbatu zituzten atzo, sei aste guztian, eta Getarian bakarra zenbatu dute azken zazpi egunotan, baina atzo bat ere ez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide