Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta Azkoitiak arnasa pixka bat hartu duela dirudi. Atzo, asteazkena, egindako testetan beste bi kasu positibo zenbatu zituzten, eta beraz, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu positibo metatuen tasa 408,91koa da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila datorren astelehenean eta ostegunean bilduko da berriz ere herri bakoitzaren intzidentzia tasa aztertu, eta gorrian daudenetan ostalaritzaren itxiera eta eskolako zein taldeko kirolaren etena agintzeko. Hori gertatzeko, gaur, osteguna, egindako probetatik hasi eta igandera artekoetan Azkoitian gutxienez 27 kasu positibo atzeman beharko lituzke Osasun Sailak.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, herenegungo 40 kasu baieztatuen ostean, atzo hamasei lagunek eman zuten positibo. Une honetan bi herri daude eremu gorrian, Azpeitia eta Orio, eta hiru eremu laranjan; hain zuzen, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia.
Emaitza berrietan goranzko joera bat islatu duen eskualdeko herri bakarra izan da Orio, han detektatu baitzituzten kasu positibo gehien atzokoan: zazpi. Aurreko lau egunetan soilik sei kasu zenbatu ostean, beraz, gora egin du positiboen kopuruak, baita intzidentzia tasak ere: 1.223,09koa zen atzo, eta 1255,71koa da orain Orion. Atzoko datuekin, eremu gorritik irteteko aukeratik urrundu da kostaldeko herria.
Azpeitian ere piztuta jarraitzen du semaforoko argi gorriak, gaur gaurkoz, 1.169,51koa baita hamalau egunetako kasu metatuen tasa. Dena den, behera egin dute bai tasak –1.268,07ko zen atzo– eta bai atzemandako positiboen kopuruak –hiru kasu izan ziren atzo, eta hamabi herenegun–.
Azkoitian bezala, Zarautzen eta Zumaian ere parekoak izan ziren atzoko datuak, bina kasu positibo baieztatu baitzituzten bi herrietan. Guztiak daude eremu laranjan, baina guztietan egin du behera intzidentzia tasak. Zumaia da eremu gorritik hurbilen dagoena 468,10eko tasarekin; 408,91koa da Azkoitian, eta 321,24koa Zarautzen.
Zestoan kasu bakarra izan zen atzo, baina eskualdeko gainontzeko herrietan –Aia, Beizama, Errezil, Aizarnazabal eta Getaria– ez zen emaitza positiborik izan.
1.236 kasu Hego Euskal Herrian
Eskualdean atzoko emaitzak aurreko egunetakoak baino hobeak izan badira ere, Hego Euskal Herrian gora egin du detektatutako positiboen kopuruak: atzo 1.236 kasu izan ziren –144 Araban, 544 Bizkaian, 320 Gipuzkoan eta 228 Nafarroan–, herenegun baino 179 gehiago. Koronabirusa hautemateko proba gutxiago egin ziren atzo, gainera: 18.907 proba, herenegun 19.986 proba egin ostean.
Atzo 84 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta une honetan 156 lagun daude ZIUn, atzo bezainbeste. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, 0,93koa da hiru lurraldeetan. Gipuzkoako batez bestekoak ere behera egin du, nahiz eta 1,01ekoa den oraindik.