Argiteria publikoa berritzeko 487.519 euroko dirulaguntza jasoko du Azkoitiak Europatik

Andoni Elduaien 2021ko urt. 15a, 13:16

Herriko argiteria publikoa berritzeko jasoko du Azkoitiko Udalak dirulaguntza. Javier Zubizarreta alkateak "aparteko" albistetzat hartu du berria.

Azkoitiko Udalak 487.519,18 euroko dirulaguntza jasoko du Eskualde Garapenerako Europako Funtsetik (EGEF – FEDER) herriko argiteria publikoa berritzeko. "Lan zaila izan da eta ordu asko kendu dizkigu baina merezi zuen ebazpena aldekoa delako". Udalaren arabera, Azkoitiak ez du inoiz kopuru horretako dirulaguntzarik jaso. "Dirulaguntza eman digutela jakitea aparteko albistea da", gaineratu du alkateak.

Exekuzio epeak, ordea ez dira berehalakoak izango; argiteriaren berritzeak denbora eramango du. "Ezinezkoa da egun batetik bestera argiak aldatzen hastea, besteak beste, horrelako proiektu batek eskatzen duen lizitazio proiektua abian jartzeak eta garatzeak administrazio lan handia eskatzen duelako; hori guztia egin egin behar da kalean argiak jartzen hasi aurretik. Dirulaguntza eskatzeko egindako ibilbidea lantsua izan bada, datorren fasea ere hala izango dela uste dut baina abiapuntu ona dugu. Lanean jarraituko dugu", azaldu du Zubizarretak.

Udalak dirulaguntza eskaera bideratzeari ekin zion argiteria berritzeko. Udalak azaldu duenez, asmoa da herrian dauden 3.280 argi-puntuetatik 1.963 aldatzea, egungo luminariak LED argiengatik ordezkatuz. Europatik jasoko den dirulaguntza "ezinbestekoa" izengo dela nabarmendu du udalak proiektua aurrera eramateko. Lanaren inbertsio osoa 975.038,36 eurokoa da, hau da, Azkoitiak jaso duen dirulaguntza kopuruaren bikoitza. Udalak eskatutako laguntzaren %100 jasoko du 616/2017 Errege Dekretuaren arabera. Gastu osoaren %50eko finantzaketa ahalbidetzen du Eskualde Garapenerako Europako Funtsak araudiaren arabera. Udalak adierazi du Errege Dekretuak karbono-isurketa gutxiko ekonomiara pasatzea ahalbidetzen duten toki-entitateen proiektuen gaineko dirulaguntzak arautzen dituela.

%82ko aurreztea

Udalak %82,49ko aurrezte energetiako aurreikusten du. LED argiteria ezartzeak "inbertsio altua" eskatzen duela dio udalak, baina balorazioa egiterakoan ekarriko duen "aurrezte energetikoa" aintzat hartzekoa izango dela erantsi du. Azterketen arabera, potentzia 312,72 kW-tik 78 kW-ra jaitsiko da, hau da, %82,49ko aurrezte energetikoa lortuko da.

LED argietara

Udalaren arabera argiteria publikoaren hobekuntza "etengabeko lana" izan da. Aurreko legealdian udalak herriko koadro elektriko guztiak berritu zituen, "segurtasuna bermatzeko, diferentzialaren akatsak konpontzeko, elektrizitate ihesak saihesteko eta LED argiak jartzen hasten direnerako dena prest izateko". Azkoitiko 47 kaxa-elektriko berritu zituzten, hondatuta zeudenez "arriskua" zutelako. Udalak azpimarratu du "jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko ordua" dela, eta horretarako LED argiak jarriko dituztela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide