Lau kasu positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko urt. 14a, 13:40

Azken egunetako joerari eutsiz, intzidentzia tasak gora egin du gaur ere herrian, eta 325,46an kokatu da. Eremu laranja izaten jarraitzen du Azkoitiak. Hego Euskal Herriak 900 eta 1.000 kasuren bueltan jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur, osteguna, kaleratu duen txostenak zehaztu duenez, Azkoitian lau kasu positibo berri atzeman dituzte. Intzidentzia tasak ere azken egunetako joerari eutsi dio herrian, eta gora egin du atzo detektatutako kasu berrien ondoren. 325,46an kokatu da tasa gaur, eta eremu laranjan jarraitzen du. Azken zazpi egunetan 27 kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian.

Alde handirik ez bada ere, Urola Kosta eskualdean azken bi egunetan baino kasu gutxiago zenbatu dituzte. Azkoitiko lau kasuez gain, beste hemezortzi positibo hauteman dituzte. Zumaian baieztatu dituzte positibo gehien, bost guztira. Zumaiak eremu gorriko herria izaten jarraitzen du, eta gainera, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuaren tasak gora egiten jarraitzen du han. Herenegun baieztatutako kasuen ondoren 783,56an zegoen tasa atzo, baina atzoko probetan atzemandako kasu berrien ondoren gaur 824,26ra igo da; 40 kasu zenbatu dituzte Zumaian azken zazpi egunetan. Eusko Jaurlaritzak ezarritako itxialdi perimetralagatik, bihartik aurrera mugikortasuna mugatuta izango dute zumaiarrek.

Azkoitian bezala, Azpeitian ere lau kasu positibo zenbatu zituen Osasun Sailak atzo. Azpeitia eremu laranjatik eremu horira jauzia egitear da, izan ere, atzo intzidentzia tasa 328,52koa bazen ere, gaur 302,23ra egin du behera; 300 positiboko tasatik jaistean lortuko du Azpeitiak eremu horian sartzea. Azkoitian bezala, han ere 27 kasu positibo zenbatu dituzte azken astean.

Orion, ostera, beste bi kasu baieztatu dituzte, baina intzidentzia tasak behera egin du han. 358,77tik 342,47ra jaitsi da tasa Orion; hala eta guztiz ere, eremu laranjan jarraituko dute han. Azken zazpi egunetan Orion hamasei kasu detektatu ditu Osasun Sailak. Zarautzen ere bi kasu hauteman dituzte, eta ez da intzidentzia tasan gorabeherarik izan. Atzo bezala, gaur ere eremu horiko herria izaten jarraituko du Zarautzek, tasa 244,14koa baita han; azken astean hogei positibo detektatu dituzte.

Eskualdeko beste hiru herritan ere zenbatu dituzte positiboak. Aian, esaterako, hiru kasu berri baieztatu ditu Osasun Sailak. Aizarnazabalen eta Errezilen ere hauteman dituzte positiboak, bi herrietan kasu bana. Beizaman, Getarian eta Zestoan ez da agerraldi berririk izan.

1.000 kasuren bueltan

Hego Euskal Herriak 1.000 kasu positiboren bueltan jarraitzen du oraindik. Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 13.021 PCR eta antigeno test egin zituen atzokoan –azken egunetan baino gutxiago– eta guztira 771 kasu berri hauteman zituen. Bizkaian zenbatu zuten atzokoan ere kasu gehien, izan ere, 428 lagunek eman zuten positibo. Gipuzkoan, aldiz, 209 laguni detektatu zioten positiboa eta Araban 119 pertsonari. Proba gutxiago eginagatik ere, positibotasun tasa ia puntu bat igo da hiru lurralde horietan, %5etik %5,9ra hain zuzen ere. Nafarroan, bestalde, 208 kasu berri baieztatu zituzten atzokoan Osasunbideak, azken bi hilabeteetako kopururik handiena da hori.  2.691 proba egin zituzten Nafarroan, eta positibotasun tasa %7,7an kokatu da.

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan 368 lagun daude gaur-gaurkoz Osakidetzako erietxeetan ospitaleratuta; azken egunetako zifrarik handiena da hori. Atzo beste 74 lagun ospitaleratu zituzten, Osasun Sailaren arabera "COVID-19arekin lotuta". Zainketa berezia behar duten pertsonak, berriz, 83 dira. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,24an kokatu da; Gipuzkoako batez bestekoa, berriz, 1,16ra igo da atzoz geroztik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide