Koronabirusa atzemateko 14.649 proba egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta emaitzak argitaratu ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Azkoitian bost kasu positibo berri baieztatu dituzte eta herria eremu laranjan sartu da berriz ere: 317,12koa da azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metaruaren tasa Azkoitian. Azken astean herrian 27 kasu zenbatu ditu Osakidetzak.
Urola Kosta eskualdean, berriz, herenegun Osasun Sailak hauteman zituen kasu kopouru berbera zenbatu dute; 26 kasu positibo zenbatu zituzten. Eskualdeko herri batean dago piztuta semaforoko argi gorria, Zumaian, eta Azkoitiarekin batera Azpeitia eta Orio ere eremu laranjan ditu sartuta Osasun Sailak; Zarautz, aldiz, eremu horia da oraindik.
Herenegungo datuekin alderatuta, Zumaian berriz egin du gora atzemandako positiboen kopuruak. 11 pertsonak eman zuten positibo atzoko probetan, eta 800eko langatik gertu kokatu da intzidentzia tasa: 783,56koa da une honetan –712, 32koa zen atzo eta 681,80koa herenegun–. Azkeneko zazpi egunetan 40 kasu izan dituzte Zumaian; gaur sartu dira indarrean LABI aholkularitza batzordeak astelehenean erabakitako neurri berriak, eta horien arabera, eremu gorria izanik, sarrerak eta irteerak debekatuta daude Zumaian.
Orion, aldiz, herenegun baino kasu bat gehiago izan zen atzo, lau positibo zenbatu baitzituzten. Intzidentzia tasak, hortaz, gora egiten jarraitzen du, eta 358,77koa da gaur-gaurkoz. Aizarnazabalen, bestalde, hiru positibo baieztatu zituen atzo Osasun Sailak, aurreko bi egunetan baino bi gehiago –kasu bana izan ziren herenegun eta igandean–.
Azpeitian behera egin du positiboen kopuruak; izan ere, bi kasu izan ziren atzo –seina kasu izan ziren astelehenean eta igandean–. Hori horrela, atzo Azpeitiko intzidentzia tasa 374,51koa baldin bazen ere, gaur 328,52ra jaitsi da.
Getarian kasu positibo bat atzeman zuten atzo, aurreko hiru egunetan kasu bakar bat ere ezagutu gabe egon ostean. Kasu metatuen tasa 247,35ekoa da han. Zarautzen, aldiz, atzoko probetan ez zuten emaitza positiborik detektatu. Behera egin du intzidentzia tasak han, eta 244,14koa da orain. Aian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, berriz, ere ez zuten positiborik detektatu atzo.
918 positibo Hego Euskal Herrian
Azaroaren 21etik erregistratutako positiboen kopuru altuena izan zen herenegun Hego Euskal Herrian, hain zuzen, 979. Atzo zertxobait egin zuen behera hautemandako positiboen zenbatekoak, 918 izan baitziren: 370 Bizkaian, 237 Gipuzkoan, 183 Nafarroan, 114 Araban eta hamalau beste batzuetan.
Herenegun baino proba gehiago egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –14.000 herenegun eta 14.649 atzo– eta, hala ere, positibo gutxiago detektatu zituzten atzo. Positiboen ehunekoa %6,9koa zen herenegungo datuekin, baina atzoko datuak kontuan hartuta, %5ekoa da gaurkoz.
Atzo 50 pertsona ospitaleratu zituzten hiru lurralde historiko horietan eta, gaur egun, 355 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta. 78 dira horietatik ZIUn daudenak. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere behera egin du, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoa 1,24an kokatu da gaur; Gipuzkoakoak ere behera egin du eta 1,13koa da gaur-gaurkoz-