Kasuek eta intzidentzia tasak gora egin dute Azkoitian

Amaia Urbieta 2021ko urt. 12a, 14:09

Herria berriz ere eremu laranjara sartzetik gertu dago, intzidentzia tasa 292,08an kokatu baita. Hego Euskal Herrian ia mila kasu atzeman zituzten atzo.

Osasun Sailak argitaratu du egunero kaleratu ohi duen koronabirusaren datuen txostena. Haren arabera, Azkoitian zortzi kasu positibo berri atzeman dituzte. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, gainera, gora egin du. 225,32an zegoen atzo zenbatekoa, eta 292,08an dago gaur. Eremu horitik laranjara pasatzear da, beraz, berriz ere Azkoitia.

Eskualdean, berriz, beste hemezortzi lagunek eman zuten positibo atzo egindako probetan. Zumaiak jarraitzen du soilik semaforo gorrian eskualdean, eta herri horretan azkenaldian izan den gorakadaren ondorioz, konfinamendu perimetrala ezarriko dute ostegunetik aurrera. Hala iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Atzokoan lau kasu berri atzeman zituzten Zumaian, eta intzidentzia tasa igo egin da atzotik: 712,32koa da gaur gaurkoz, eta 681,80koa zen atzo.

Eskualdeko atzoko datuei erreparatzen jarraituta, Azpeitian sei kasu berri atzeman zituzten atzokoan, igandeko kopuru berdina, eta 374,51koa da hango intzidentzia tasa; gutxi bada ere, gora egin du. Eremu laranja izaten jarraitzen du Azpeitiak.

Zarautzen, ostera, bost kasu berri baieztatu zituzten, eta han apur bat jaitsi da intzidentzia tasa: 269,84koa da gaur-gaurkoz. Orion, berriz, hiru kasu berri zenbatu zituen Osakidetzak atzo, eta kasu metatuen tasa igo egin da atzotik herri horretan ere; 326,16koa da zenbatekoa gaur, eta 277,23 zen atzo.

Aizarnazabal kezka iturri izan da egunotan, baina asteburuan atzemandako 21 kasuen ondoren, bakarra atzeman zuten atzokoan. Intzidentzia tasa 8.972,69koa da han, baina 5.000 biztanle baino gutxiago dituen herria izanik, kasu berrien gorabeherek eragin handia dute zifra horretan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, hala nola Aian, Getarian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, ez zuten kasu berririk atzeman atzoko.

Hego Euskal Herrira begira

Azaroaren 21etik atzemandako positibo berrien kopururik altuena atzeman zuten atzo Hego Euskal Herrian: 979. 14.000 PCR eta antigeno proba egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, herenegun baino 2.000 test gehiago. Horiek kontuan hartuta, %6,9 da positiboen ehunekoa Hegoaldean. Atzemandako ia mila kasuetatik, erdiak Bizkaian zenbatu dituzte; 492 kasu zenbatu dituzte lurralde horretan. Gipuzkoan, berriz, 219 kasu zenbatu zituzten atzo, 162 Nafarroan eta 92 Araban.

Osakidetzan ospitaleratu dauden lagunen kopuruak etenik gabe goraka jarraitzen du. Gaurko txostenaren arabera, 345 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta. Atzo, gainera, 45 pertsona ospitaleratu zituzten. Zainketa berezien beharrean direnak, berriz, 75 lagun dira.

Gora egiten jarraitzen duen beste indizea oinarrizko birsorkuntza tasarena edo R0 indizearena da. 1,21ean kokatu da gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Gipuzkoakoa batez bestekotik behera baldin badago ere, R0 indiea 1,14koa da. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasa ere 300etik gorakoa da. Eremu laranjan kokatu dira beraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide