Azken hiru egunetan sei kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 11a, 13:47

Eremu horia izaten jarraitzen du Azkoitiak. Hego Euskal Herrian ia 700 kasu positibo atzeman dituzte. LABI politikoak gaur zehaztuko ditu neurri berriak.

Azkoitian sei kasu positibo berri baieztatu ditu asteburuan Osasun Sailak. Kasu bat zenbatu zuten ostiralean, hiru larunbatean eta bi igandean. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 225,32an kokatu da; eremu horian dago gaur-gaurkoz Azkoitia. 2020ko martxoaz geroztik 838 azkoitiarrek eman dute positibo gaixotasuna detektatzeko probaren batean.

Azkoitiko kasuez gain, Urola Kosta eskualdean, berriz, beste 68 positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiraletik igandera bitartean. Aizarnazabalek eman ditu datu kezkagarrienak. Hiru egun horietan beste 21 positibo baieztatu ditu Osakidetzak herrian: hamalau ostiralean, sei larunbatean eta bakarra igandean. Kontuan hartu behar da sei urtetik gorako herritarrei zuzendutako baheketa egin zutela Aizarnazabalen joan den astean, eta egindako probek azaleratu dituzte positibo horiek. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, eta 9.232,77an kokatu zen atzo.

Zumaian, bestalde, hamalau positibo detektatu dituzte azken hiru egun hauetan: zazpi ostiralean, bi larunbatean eta bost igandean. Kasu metatuen tasa 681,80ra igo da, eta eremu gorrian izango da herria denbora batean. Gipuzkoan beste lau herri bakarrik daude gorriz margotuta: Andoain, Beasain, Lazkao eta Villabona. Bihartik aurrera, eta eremu gorritik gutxienez laranjara pasatu arte, herriko ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko dituzte han.

Azpeitian ere ezingo dute lasai egon, asteburu honetan beste hamabi kasu atzeman dituztelako: hiruna ostiralean eta larunbatean, eta beste sei igandean. Intzidentzia tasa 361,37an dute Azpeitian. Zarautzen, aldiz, 11 kasu izan dituzte –hiru ostiralean, sei larunbatean eta bi igandean—, bost Orion –bina ostiralean eta larunbatean, eta bat igandean–, hiru Getarian, hirurak ere ostiralean; eta bi kasu Aian, biak ostiralean. Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik detektatu azken hiru egunetan.

Hego Euskal Herri mailan ere ez daude kanpaiak jotzen hasteko moduan. Beste 693 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan: 67 Araban, 322 Bizkaian, 166 Gipuzkoan eta 132 Nafarroan. Lau lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bost pertsonak ere positibo eman dute.

Ospitaleratutakoei dagokionez, Arabai, Bizkai eta Gipuzkoako 129 lagun eraman dituzte Osakidetzako erietxeetara asteburuan zehar; guztira 334 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horuetan. Zainketa bereziaetan (ZIU) dauden lagunak 76 ziren atzo. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere gora egiten jarraitzen du etenik gabe, 1,21ean kokatu da; Gipuzkoako tasa 1,13koa da egun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide