Hotzak eta elurrak ez zituen atzeratu Urola Kostako herritarrak, eta berokiak eta aterkiak soinean, ehunka izan ziren Sareren deiari erantzunez eta presoen eskubideen defentsan atzo eguerdian eta arratsaldean kalera atera zirenak; 2.500 bat lagun, hain zuzen ere. Osasun krisia dela eta, ohiko Bilboko manifestazio erraldoirik ez da izan aurtengoan, baina Euskal Herriko 238 herritan egin zituzten era bateko edo besteko mobilizazioak. Baita eskualdean ere. Zumaian, Itzurun hondartzan, euskal presoak etxera ekartzeko aldarria daramaten ehunka banderola atera zituzten eguerdian; Errezilen eta Azkoitian elkarretaratzeak egin zituzten arratsaldean; Azpeitian, Getarian, Orion eta Zestoan manifestazioak; eta Zarautzen mosaiko erraldoia osatu zuten.