Milioi eta erdi bisitako langa gainditu du Maxixatzen.eus-ek 2020an

Julene Frantzesena 2021ko urt. 6a, 11:42

Bisita gehienak sakeleko telefonotik egin dituzte erabiltzaileek 2020an.

2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.788.664 bisita izan ditu Maxixatzen.eus-ek Google Analytics neurgailuaren arabera, eguneko 4.887 bisita inguru. 2019ko datuekin alderatuta, %54,34 igo da bisita kopurua –orduan 1.136.834 bisita izan zituen–. Maxixatzen.eus-ek oran arte izan duen daturik onena da 2020koa. Bisita gehienak eskuko telefonoetatik etorri dira: %69,17.

Ez da urte erraza izan atzean utzitako 2020a. Izan ere, koronabirusaren pandemiak bete-betean jo du Azkoitia ere, eta horren lekuko izan da Maxixatzen.eus ataria. Egoerak erabat baldintzatu du Maxixatzenen jarduna ere, baina informazio jarioak ez du etenik izan urte osoan, eta tokiko informazioaren garrantzia agerian gelditu da beste behin. Horren erakusle dira 2020an Maxixatzen.eus-ek izan dituen datuak.

Azken ia urtebetean koronabirusak hartu du informazio edukien erdigunea, eta birus horrek markatu du agenda ere. Dena den, bestelako eduki ugari sortu zuen Maxixatzenek iaz, eta herritarren erantzuna ezin hobea izan da. Hain zuzen ere, gora egin dute Maxixatzen.eus-eko datu guztiek, hala nola bisitek, bisitatutako orrialde kopuruek, sortutako edukiek nahiz erabiltzaileen zenbatekoek. Maxixatzenek joan zen abenduaren 31n argitaratu zuen urteko hamar albiste irakurrienen zerrenda.

2019an ere datu oso onak izan zituen Maxixatzen.eus-ek –milioi bisita pasatxo izan zituen–, baina aise gainditu ditu zifra horiek 2020an: 2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.788.664 bisita izan ditu webguneak, Google Analytics neurgailuaren arabera; 2019 guztian, berriz, 1.136.834 bisita izan zituen. Horrek esan nahi duena da azken urtebetean %57,34 hazi dela bisiten kopurua. Herritarrek Maxixatzen.eus-en zabaldutako orrien kopuruak ere nabarmen egin du gora: 2019an 2.847.406 orri izan ziren, eta 4.257.406 orri 2020an.

Eguneko bisita kopuruaren batez bestekoak ere gora egin du 2020. urtean: iaz, egunero, 4.887 bisita izan ditu Azkoitiko herri hedabidearen webguneak –2019an 3.114 bisita izan zituen–. Bestalde, egunero-egunero, batez beste, Maxixatzen.eus-eko 11.632 orri zabaldu zituzten herritarrek iaz –2019an 7.800 orri–. Erabiltzaileek, batez beste, egunean 2 minutu eta 22 segundo igaro zituzten webgunean iaz.

Beste datu batzuk

Edukiak eskuko telefonoetatik irakurtzeko joera areagotzen ari da azken urteetan, eta iazkoa ere ez zen salbuespena izan. Herritarren %69,17k erabili dute eskuko telefonoa Maxixatzen.eus irakurtzeko. Ordenagailutik eta tabletetatik egindako bisita kopuruak, berriz, %27,59 eta %3,24 izan dira hurrenez hurren.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabideen datuak ere ez dira makalak. Taldearen webguneetan hainbat eta hainbat erabiltzaile sartu ziren 2020an: orotara, taldea osatzen duten sei webguneek –Karkara, Baleike, Zarauzko Hitza, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Uztarria– 9.239.730 bisita izan zituzten iaz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide